Klima larrialdia dugu prozesu honen oinarrian, baina, horrez gain, gure inguruan ditugun altxorren gaineko ezagutza faltak eragiten du espezieen galera.
Ez gara horretaz konturatu berriak, baina ez diogu behar besteko garrantzirik eman nahi, antza. Adibidez, Aretxabaletako tomaterik ez genuke izango bere garaian norbaitek jaso, gorde eta landatzen jarraitu izan ez balu. Horrela, gaur egun irailean aste bat dedikatzen diogu gure altxorrari, baina salbuespena dela esango nuke.
Euskal Herrian baditugu endemismoak diren hainbat landare. Armeria euscadiensis eta Festuca vasconcensis espezieek, esate baterako, haien izen zientifikoan harro erakusten dute jatorria, baina biak ala biak galtzeko arriskuan daude, oso populazio gutxi eta ale gutxikoak baino ez dira mantentzen. Espezie bat galtzen denean, gure herriaren ataltxo bat betirako desagertzen da.