Zabolako arraintxoak

Erabiltzailearen aurpegia Martin Arriolabengoa 2014ko api. 1a, 12:00

Gure gaurko protagonistak orain 100 milioi urte jaio eta bizi ziren, Euskal Herriko itsaso tropikaletan gustura, kontinenteetan dinosauroak oinez zebiltzan bitartean.

Heriotzak harrapatzerakoan, itsas ondora jauzi eta lurperaturik geratu ziren gizajoak, fosildurik, Kretazeoko arroketan betiko gorderik. Ordutik munduaren egoera asko aldatu da, eta itsas azpia zen ingurua egun mendi tontor izatera pasa da. 

Gure arraintxoak, tartean tarteko, Zabolako bailaran geratu ziren ezkutuan isil-isilik, inor molestatu gabe. Egun on baten, baina, hondeatzaile batzuk etorri ziren tren txu-txu-aren zaratarekin. Eta azkenean argia ikusteko itxaropena berpiztu zen arraintxoetan. Azkenik, aske izango ziren berriz ere. 

Baina oker zeuden, lehenengo argi izpia ikusi bezain pronto zementuzko kapa batek estali zituen, itxaropen guztiak zapuztuz.

Hauxe da Zabolako arraintxoen istoriotxoa, tamalez benetako gertakizunetan oinarriturikoa. Aramaioko Udaletik zein Euskal Herriko Unibertsitatetik egin ziren orain arte mundu mailan aurkitu ez diren Kretazeoko arrain fosil berezi horiek aztertzeko eskaera, eta tamalez, ez da erantzunik ez aukerarik izan. 

Gaur egungo marrazo handiek, nonbait, jan dituzte gure arraintxo txikiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak