Herri unibertsitatea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Arregi Iturbe 2018ko mar. 2a, 15:36

Nahiz eta ikastetxe ezberdinetako egoera antzekoa izango den, Gasteizko Gizarte Langintzako Fakultateko egoeraz jardungo naiz, bertako ikaslea naizelako.

Ikastetxe berri batera heltzean dena da berria eta ederra, eta unibertsitatean gehiago, etxetik kanpo, jende berria… baina egunerokoari erreparatuta dena ez da horren ederra. Aurreko urtean fakultatera heldu eta horren izen potoloa duen karrerako ikasgaietan murgilduta, irakasleak esandako dena iruditzen zitzaidan zentzuduna. Hala ere, denborarekin, bertako edukiei buelta bat ematen hasita eta Gasteizko errealitate anitzarekin alderatuta, kontraesanak bata bestearen atzetik azaleratzen hasi zitzaizkidan.

Denon ongizatearen apologia egiten dute, baina fakultatetik ehun metrora jendea etxe gabe uzten dute, fakultatean bertan garbitzaileak esplotatzen dituzte kontratu eta soldata barregarriekin, kredituak euskaraz ordaindu eta materiala espainolez ematen digute edo euskaraz bi hitz egiten dituzten irakasleak jartzen dizkigute, EHUk Bilboko portutik irteten diren armen sorkuntzan laguntzen du ikerketen bidez, ematen diren edukiek historiaren zati bat bakarrik kontatzen dute… Mila dira horrelako prestigioa duen "gure herriko" unibertsitatearen kontraesanak, eta hauek ni, behintzat, mindu egiten naute.

Ikasle ugari, ordea, min hau sorkuntzara bideratzen ari dira, benetan herriarentzako hezkuntza izango dena irudikatu nahian. Nahiz eta orokorrean gaur egungo hezkuntzarekiko kontrakotasuna adierazi, ez dut uste bertako partaide direnak etsaiak direnik; are gehiago, zirrikituetatik aliantzak sortu ahal direla esango nuke, herritar oro herriarena izango den hezkuntzaren subjektu bihurtuz. Bestalde, etorkizuneko hezkuntza horrekiko eztabaida eta kontzientzia sortzeko tresna gisa irudikatzen ditut horrelako ekimenak, egungoarekiko kontrakotasuna etorkizunerako hazi izateko.

Amaitzeko, unibertsitate ezberdinetan egingo diren herri unibertsitateetan parte hartzeko dei egin nahiko nuke.

Hezkuntza, herritik eta herriarentzat!

----------

Mikel Arregi Altube

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak