Independentzia lor daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Maite Aristegi 2010ko abe. 7a, 07:00

Abenduaren 6a. Eta Euskal Herriak ezezko biribila eman zion arren, liburu zaharkituari umeltasun kiratsa badario ere...

... Espainiak burdinazko kortseak bezala estutzen gaituen Konstituzio dontsu hori ospatuko du gaur berriz ere, itxurakeria galantekin.

Krisi latza dagoela… berdin dio; beti egongo dira euskaldun gehiago atxilotzeko, irmo eta tente, ez eta ez esaten segi eta Estatuaren indarra frogatzeko. Estatua bankarrotan dagoela… berdin dio; denok jakin arren horrek ez duela arazoa konpontzen, babes txikiena dutenei larriki eragiten dien neurriekin jarraitu eta kitto! Orain arte langileei, erretiratuei... eta orain, bestelako laguntzarik ez duten langileei jasotzen duten apurra kendu eta pribatizazioak bideratu; hau da, Europako Banku Zentralak eta FMIk agintzen dutena txintxo-txintxo bete.

Erreskatea, langileen eskubideen errematea! Eskerrak Gobernu honek bere burua ezkerrekotzat duen! Eta arrazoi horiegatik ere, iritsi da garaia independentziaren aldarria ozen plazaratzeko, kultura, historia, lurralde, hizkuntza eta bihotzaren arrazoiez gain, argudio ekonomikoz janzteko. Independentzia ekonomiko barik ez dago independentzia politikorik. Baina gutxi ezagutzen diren txostenek frogatzen dute ditugun errekurtso fiskal, finantzario eta pertsonal ugariak ondo bideraturik Euskal Herriaren independentzia bideragarria dela eta horrela askoz hobeto bizi gaitezkeela. Gainera, krisiarekin beste eszenatoki ekonomiko-sozial baten beharra nabariagoa bada, herri txiki honen aldarrikapen historikoak herritar guztion etorkizuna aldatzeko benetako aukera eman beharko liguke, deslokalizazioa, langabezia, pobrezia larria, kontsumismo ankerra… baztertu eta eredu berri bat pizteko.

Horretarako, geuk ere irakurri, hausnartu eta sinistu egin behar, gure elkarbizitzarako balioak ere majo aldatu ditu-eta kapitalismoak, auzolanetik indibidualismorako salto izugarria adibidetzat. Esnatzeko garaiak!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak