Oilo-ipurdia, zahar horiek berriz saltoka ikustean. Atxabalta Euskal Herriko mapan kokatu zen berriz; elkarrizketa bat Mauletik, ETB Santa Ageda neska-mutilak grabatzen eta egunkari nazionaletan ere aipamenak: wow! Seguru naiz hurrengo egunetan atxabaltarrok paparra ongi puztu genuela.
Baina ez gaitezen engainatu; 50 urtetan, zoro haien ideiari eusten beste zoro gutxi batzuk egon dira. Dantza hau gure ondarea dela ulertu zuten zaindariak. Milesker, bihotzez.
Kultura eta tradizioa etengabe sortzen, mantentzen edo desagertzen da. Auskalo 2100. urteko Atxabaltan zer ospatuko duten. Agian, Santa Ageda neska-mutilak sound system batekin abiatuko dira Pagaldaixeneko kantoitik plazara, txistularirik ez dagoelako. Baina posible da baita zoro batzuk txistua jotzen ikasten hasi eta hogei txistulariko banda bat Euskal Herriaren inbidia izatea. Atxabaltarron esku dago.