Bertso-afaria Apotzagan, elkartea musikaz eta jendez beteta zegoen eta denon artean partekatu genuen arroz beltza. Gozatu nuen hasieratik amaierara, eta hoberena, prezio hau ordainduta: 15 euro zenbateraino heltzen diren!
Baina gura nuke nire olerkia partekatu, han ez nintzen ausartu eta. Hasieran, mikrofonoa soilik ikusita, pentsatu nuen errespetu falta izango zela bertsolariak baino lehenago ateratzea. Bertso saioaren ostean, berriz, borobil-borobila aterata ikusita, ez nuen estropeatu gura.
Orain Goienak ematen dit aukera, eta eskertu egin gura nuke, esker onekoa izatea beti baita zuzena.
Nire hitzek diote:
Ez naiz bertsolari, ez naiz musikari. Beraz, ez dut bertsorik, ezta doinurik.
Ez naiz Gandhi, ez naiz hain handi. Baina ene bihotza bada berea bezain garbi. Adieraziko dizuet, egon adi-adi.
Lau kolore dauzka geure ikurrinak, laurak oso sentiberak dira. Azalduko dizuet zeintzuk diren, maitiak, ze barnean gordetzen baita geure herria.
Berdeak geure basoak, berdeak geure zelaiak dira, berdea, eta ez dago zalantza, eduki behar dugun esperantza.
Gorria berotasuna, gorria anaitasuna, gorria geure odola eta holaxe geure historia.
Zuria hasitako bidea, zuria bada bakea, zuria ametseko sarrera, independentziarako, horixe bera.
Eta falta da kolore bat. Zein izango ote den? Ikusezina da. Kualitate bera du izena, "Gardena edo transparentea" izatea. Prisma gisa jokatzen du kolore horrek. Bai naturan, bai banderan. Uretan zein airean, eguzkiaren izpiak hezetasunaz elkartzean, agertzen dena ostarku eder eta polita izaten baita. Horren azpian fijatuz gero, bizi-bizirik topatzen da herri ausart-ausarta.
Euskal Herria du izena. Ikurrina bere bandera. Eta prisma nagusia, herritarren bihotza.
Bihotz-bihotzez, zuendako guztiendako, irakurle maiteok!
------------------------------
Marisol Andrade
(Eskoriatzako Berbalagunen izenean)
Eskoriatza