... bi maximak inbaditzen didate burua:
1-Hortxe dago, hautsa hartzen: Slavoj Zizek-en Intolerantziaren defentsan. Apalean ikusten dut, eta nire buruari behin eta berriz leporatzen diot ez naizela hitzaurretik pasa. Baina zeinen ona, hitzaurreko esaldi hau (barka itzultzaileek, inbasioa): Beharrezko iruditzen zait, garaiotan, intolerantzia dosi on bat ematea, desadostasunari jaten ematen dion grina politikoa pizteko bakarrik baldin bada ere.
2-Ez hain kultia, baina barruan iltzatutakoa, Berri Txarrak taldearen lehenengo diskoko Nortasuna eraikitzen kantuko ondorengo esaldia: Mundu guztiarekin ongi gelditzea ezinezkoa dela konturatuko zara zeren... Eta zeren horrek ez du gehiegi inporta, esandakoa esanda dago.
Edukazioa eta besteekiko begiramendua izan beharko lirateke giza-jokaeraren ardatz, ez dut dudarik. Baina baita koherentziak ere. Eta askotan dut irudipena, elkarri min egiteko beldurrez ibiltzen ez ote garen... Ditugun iritzi irmoak gure buruarentzat gordez. Tolerantziaren izenean.
Orokorkerian nabil, baina hala nahita. Noski dagoela aldea pertsonatik pertsonara (neure buruari errieta egiten ari naiz, azken finean).
Hala ere, "ondo eztabaidatzen" ahazten ari zaigulakoan nago. Kontra egiten digutenean, isildu egiten gara, eta gure buruarekin gara intolerante.
Zer dago aberasgarriagorik, eztabaida on bat baino? Errespetuz, baina irmo jardutea baino?
Telebistako saiorik interesgarrienak iruditu zaizkit debateak, betidanik: argudioen erabilera, hizketarako estrategia, gauzak ondo azaltzeko eta erantzuteko gaitasuna. Eta zein gutxi, eta zein berandu jartzen dituzten gaur egun...
Zenbat dugun oraindik ikasteko.