"Begirada fosburyar bat"

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2013ko mar. 12a, 01:00

Norbaitek esango dit pertsonaia gehiegi ustiatzen ari naizela...

... eta ez zaio arrazoirik faltako, baina Richard Fosburyk lilura eragin dit Inoren Ero Ni taldearen disko-puskaren bidez ezagutu nuenetik. Eta kontatu nahi dudanari bide emateko (norabide-aldaketa pobre samar bat erabiliz, noski: ohartuko zarete beheraxeago) aprobetxatuko dut beste behin.

Fosbury jauna da, gaur egun, altuera-jauzian mundu osoan zehar erabiltzen den estiloaren fundatzailea. 1968ko Joko Olinpikoetan, Mexikon, egin zuen jendaurrean lehenengoz bere izena daraman jauzia, atletismoko espezialistetan harridura eta agian barre-algararen bat ere sorraraziz.

Fosbury flop-a modan jarri arte, aurrera begira egiten zuten jauzi atletek, buruz jarrita. Estilo berriak, ordea, bizkarrez jauzi egitea agintzen du; hau da, atzeraka, aurpegia ikusleei emanez. Horrela, ikuspuntu biomekanikotik (wikipedia dixit) abantaila handiak lortzen dira: jauzilariaren grabitate-zentroa eta gainditu beharreko barraren artean tarte txikiagoa uztea ahalbidetzen du, eta altuera irabazten da. 

Urrezko domina irabaztea eta jauzi baten bataio-izena  ezartzea ekarri zizkion horrek Richard Fosbury jaunari.

(Eta hemen dator argumentu-biraketa kutre hori. Abisatu ez izanaren damurik, behintzat, ez dut izango)

Guztiz errealista ez bada ere, polita da irudikatzea Fosburyk Mexikoko estadioan zeuden ikusleei begiratu egin ziela, zuzen, begietara, nolabaiteko desafio-keinu batekin. Ordura arte, altuera jauzia egiten zuten atletek gainditu beharreko barrari begiratu behar zioten, ezinbestean. 

Geuk ere, behin bada ere, eguneroko langei bizkarra eman eta jendarteak daraman benetako martxari begirada fosburyar bat egin beharko ez ote geniokeen; horra kezka. Dena gainbehera badoa, gutxienez ikus dezagun geure begiz nola doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak