"Lurralde historikoak"

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2012ko aza. 23a, 01:00

Artikulu hau paperean irakurtzen ari bazara...

... (eta ez sarean, gaur egun sarea noraino iritsi daitekeen ezin irudikatuzkoa baita; oi, sarea, dibinitate berria) badugu zerbait komunean: debagoiendarra zara, ni bezala; Debagoiena, zilbortzat San Prudentzioko biribilgunea duen zera hori. 

Hala ere, denok ez gara katilu berean sartzen, eta, historiak hala aginduta, badugu zerbait zeharo ezberdintzen gaituena. Aramaioarra ez bazara, behintzat, lurralde historiko ezberdinetakoak gara biok: gipuzkoarra zara zu, eta arabarra naiz ni. Normala da, ordea, egiatiak baldin bagara, bereizketa horretaz behin eta berriz ahaztea. Hau da, ez daude motibo gehiegi probintzia berekoak ez garela gogoratzeko: zuenean ikasten dugu aramaioar gehienok, baita lan egin eta erosketatara joan ere; gurean edaten duzue gipuzkoar (debagoiendar) gehienek sagar zukua, edo erosten dituzue etxafleroak. 

Atez atekoa iritsi den arte.

Egia esan, arabarrok harridura pittin batez begiratzen diogu hondakinen inguruan Gipuzkoan sortu den ika-mikari. Latza. Lagun handi (handi!) batek ondo esaten duenez, hamarkadak pasa ditugu zaborrari kasurik egin gabe. Orain, politikaren lehen lerroan egonik, derrigorrezkoa da hondakinen kudeaketari buruzko iritzi bat izatea.

(Ez dut ezkutaketan jolasteko asmorik: sistema justua iruditzen zait atez atekoa, interesgarria, asko egin dezakeena modan dagoen jasangarritasunaren alde. Ikuspegi horretatik, sinesgaitzak egiten zait gaikako zabor-bilketaren aurkakoek behin eta berriz erakutsi duten inkernua; are amorrazioa ere esango nuke.)

Ez dugu leziorik emango, ez gaude horrelako gauzak egiteko moduan. Probintzia-mugaz gaindiko miresmena (harridura?) baino ez, gaiaz serio eta kontzientziaz hizketan ari zaretenoi. Hori bai: lasai, Gipuzkoako egunkaririk salduenak ez du eta, arrazoi honegatik, gurean irakurlerik galduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak