"Zein da zure erantzuna?"

Erabiltzailearen aurpegia Miren Amuriza 2013ko aza. 25a, 09:55

Hogeita bost bete ditu gaurkoan azaroak, hogeita bost egun itzulezin.

Gura nuke udazken koloreei buruz, bertsolari txapelketaren arrakastaz edo asteburuko kirol jardunaldien emaitzez idatzi. Baina ezin dut. Ezin dut hori egin munduan hiru emakumetik bat, gutxienez, noizbait erasoa izan dela gogoratu berri dudanean: jipoitua, bortxatua, umiliatua… Etengabe irakurtzen ditugu horrelako albisteak: "54 urteko gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak hain herritan, bikotekidea labankadaz hil ondoren. Polizia hain ordutan bortxatu zuten neskaren erasotzaileen bila ari da. Hain hiritan, bi gizonezko atxilotu zituzten bart bikotekide ohiengandik urruntzeko agindua urratzea egotzita". Eta abar, eta abar, eta abar. Sinestezina bezain onartezina den arren, XXI. mendeko jendarterik aurrerakoienetan ere, genero indarkeria da gaitzik larrienetako bat; gaurko egunez bereziki, urtero azpimarratzen duguna. 

Indarkeriari buruz dihardugunean, eraso fisikoekin oroitzen gara gehienbat. Baina badira disimulu handiagoz pasatu arren arriskutsu eta minberak diren jazarpenak; otsoa ardi larruaren azpian ezkutatzen denean bezala. Mintza gaiten beraz, emakumeonganako eraso kamuflatu horiez: tabernan nahi gabe baina nahita ipurdia ukitu zigutenekoaz, titietara so egin zigun begirada nazkagarriaz, deroso sentiarazi gintuen "guapaaaa!" hartaz… 

Nik ezin izan diet inoiz horrelako egoerei irain edo zaplazteko batekin erantzun, beldurtia naizelako barik inor erasotzen eroso sentitzen ez naizelako. Tratu txarren aurrean, tratu onen aldeko apologia bultzatu behar dugu; eraikitzaileak izan. Ez da erraza baina bai egingarria. Oraindik zalantzan dagoena, doala Arrasateko Emakume Txokoan ikusgai dagoen Zein da zure erantzuna? argazki erakusketara. Ea berandu baino lehen gaurko egunez udazkenari buruz soilik hitz egin dezakegun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak