Ez genuen mezuak bidaltzeko aparaturik; beraz, batak besteari esaten genizkion ahotik belarrira. Jokoa horrela zen: batek ondokoari xuxurlatzen zion asmatutako esaera, hark hurrengoari errepikatzen zion, hurrengoak jarraian zegoenari, eta, horrela, borobil osoa zeharkatu eta hasierako abiapuntura heldu arte. Mezua aldatuta iristen zen, ia beti xelebrekeria bilakatuta.
Transmisioaren jarduerak mezua kutsatzen zuen. Zenbat eta aldrebesagoa, orduan eta barregarriagoa. Jokoaren helburua ez zen zuzentasuna ezta mezua argi azaltzea ere. Helburua mezua kutsatzea zen, eta, hori horrela jakinda, jolas entretenigarri bihurtzen zen.
Egun, mezu eta albiste ugariz inguratuta bizi gara. Baina ezberdintasun nabarmen bat badago. Mezua ez da desitxuratzen, ez da xelebrekeria bilakatzen. Sortua izan zen bezala heltzen zaigu, baina, erabileraren ondorioz, erabat baliogabetuta jasotzen dugu. Hitzak gastatzen ditugula esaten da. Higatuta daudela. Benetako esanahia ez dutela jada adierazten. Hitzei egiten zaien erabilera intentzionatuagatik, heltzen zaizkigu mezuak lausotuta eta kutsatuta. Intentzioak kutsatzen du jatorrian indarra zuen gogoeta. Aspaldian inguruan gertatzen direnak ikusita, uste dut ideia bera kutsatzea dela helburua, indarra galdu eta mezu hutsal bihurtu arte desitxuratzea. Baina arazoa ez da hori, ez digute hori horrela azaltzen; are gehiago, ezkutatu egiten digute. Ondorioz, esan genezake guztiok ez garela horretaz jabetzen eta ez garela jatorrizko mezuaren baliora heltzen, eta, horregatik, kontziente izan behar dugu haurtzaroan jolasten genuen joko hartatik asko aldendu dela errealitatea.