Gaur egun, haur guztiek eskolara joateko eta kalitatezko hezkuntza erantzuna jasotzeko eskubidea dute. Baina zer esan nahi du horrek? Eskolak guztionak eta guztiontzat dira? Gure eskolak inklusiboak dira?
Eskolaren eginkizuna omen da eskola komunitateko partaide guztien presentzia, parte-hartzea eta garapena bermatzea. Ikasle bakoitza den bezala, baldintzarik gabe, onartzea. Norbanako bakoitzaren ongizatea, garapena eta arrakasta ahalbideratuko dituzten aukerak eskaintzea.
Eskoletan aniztasuna agerikoa da. Ume guztiak daude eskolan, baina hezkuntza sistema eta, ondorioz, eskola ikasle batzuentzako izaten jarraitzen duela baieztatu dezakegu. Oztopoz beteriko hezkuntza kultura zein curriculum itxiekin egiten dute topo zenbait ikaslek eta, ondorioz, behar espezifikoak izaten dituzte. Askotan, erantzun gisa, eskola arruntetik at eskola edo gela berezietara joateko proposamena jasoz.
Bestalde, eskola arruntetan tokia duten ikasleak ditugu. Ezaugarri pertsonalak kasuan kasu, eskola arruntetan matrikulatzea lortzen dutenak. Baina presentzia ziurtatzea nahikoa da ongizatea eta garapena lortzeko? Geroz eta testuinguru eta praktika ireki gehiago aurki ditzakegun arren, ikasle guztiek gauza bera, momentu berean eta modu berean eraikitzen jarraitu behar baldin badute, nekez iritsiko gara pertsona guztien izatean eragina izango duten ikas-esperientzia arrakastatsuak eskaintzera.
Beraz, testuinguru inklusiboetara pausoak ematen jarraitzeko, kide guztiak eskolan egotea, parte-hartzea, garatzea eta izatea oztopatzen dituzten faktoreak identifikatzen eta horiek gainditzen jarraitu beharko dugu. Daukagun eskola des-eraikitzen jarraitu beharko dugu guztiontzat izango den eskola lortzeko.