Egoera horrek Kenyako familia batean dakartzan ondorioez mintzo zen, irratiz, Oscar Epelde, Afrikako berriemailea. Kenyan, lehorteak, gosea esan nahi duenez, amaren etxeratzea kezkaz bizi duten zazpi anai-arreben egunerokoa zen kronikaren ardatz. Azokan zerbait saltzea lortu badu, amak janaria erosi eta, hala, umeek zerbait jan ahal izango dute. Bestela, tripa hutsik pasa behar gaua, eta hurrengo egunean galdera bera.
Epelderen kronikari, beste albiste bat kateatzeko balio duen doinuak jarraitu dio; bide batez, gortina efektua egiteko balia dezakegun musikatxoa. Gortinaz bestalde, albisteek beste kolore bat dute. Jaurlaritzak babestuta egin den azterlan batek dioenez, Euskadin, urtean, 311.558 tona elikagai alferrik galtzen dira; gehien etxeetan, urtean 142 kilo pertsonako. Pentsa, hori aldatzeko, sentsibilizazio kanpaina beharko da. Agian, sukaldariak kontratatuko dituzte, eta bezperako ogiarekin esne-zopak edo sobera geratutako barazkiekin purea kozinatu daitezkeela azalduko digute. Hobe da Kenyako familia horrek gortinaren bestalde gertatzen ari denaz albisterik ez badu.