Iragarpen horren aurrean, badira telefono kabina euren herritik ez kentzeko eskaria egin duten herriak. Lasarte-Oria da horietako bat. Herrian jaiotako Antonio Mercero zinema zuzendariak egindako La cabina filmagatik eskatu dute herriko kabinari eustea. Bai, filmean bezala, telefono kabinek bazuten puntu klaustrofobikoa.
Debagoienean ere bada zeresan handia eman zuen telefono kabina. Duela ez asko, Aretxabaletako Durana kaleko kabinak komunikabide askoren interesa piztu zuen. Domekero, zerbaitekin apainduta esnatzen zen, edo mezu ezkutuekin lagunduta. Komunikabideetan artea ala jokoa ote zen galdetzeraino.
Interneten sartu eta idatzi ditut hiru hitz: Aretxabaleta, kabina eta telefónica. Harrituko zarete, baina 27.000 emaitza agertu zaizkit. Lotura pila bat, esaldi erakargarriekin lagunduta. Aretxabaleta, pantano eta Urkulu idatzita, berriz, 13.000 emaitza inguru. Beraz, erdia ere ez. Turismo kanpaina merkeagorik! Zer izango litzateke film bat egin izan balitz Aretxabaletako kabinan.
Ez dakit gaur egun Aretxabaletan geratzen diren bi kabinak –bat eliza ondoan eta beste bat Portasolerako bidean– erabiltzen ote diren deiak egiteko. Telefonicak erretiratuko dituen ere, auskalo, baina, akaso, eskatu beharko litzateke bietatik bat, behintzat, ez kentzea. Garai bateko bizimoduaren adibide diren gailuak mantentzeak herria aberasten eta janzten duela iruditzen zait. Gainera, haurrengan galderak egiteko aitzakia izan daitezke, eta, momentuz, badira telefono kabinen inguruko pasadizoak kontatzeko gai diren aretxabaletarrak. Telefono kabina batean sartzea denboraren makinan sartu eta atzera egitea bezala izan daiteke.