Abandono hitza barruraino sartu zait, eta mina nire egin dut, beste jende asko ere hala ikusi dut. Eta min horretatik oso urrun ikusi ditut agintari politikoak, oro har; oso urruti. Ezbeharraren egunean bertan Realaren garaipena ospatzeko kamiseta txuri-urdina jantzita sare sozialetan argazkia zintzilikatzea ez zitzaidan egokia iruditu. Handik egun gutxira, mendi puntara iritsi izana ospatzeko argazkia sarean jartzeko unea ere ez zen, inondik inora, eta normalean txio-txioka izaten den txoria isilik ikusteak haserretu ninduen.
Adibide gehiago eman daitezke eta, nola ez, enpresaren jokamoldean ere bada zer aztertu, baina komunikazioa lantzen eta ikasten ari direnentzat utziko ditut. Gertatu denak komunikazioan nola ez jokatu eta gardentasunak zer beharko lukeen izan azaltzeko balio dezakeelakoan. Komunikazio estrategia, argazkitik aldentzeko beharra, agintariek inoiz ez lukete ahaztu behar herritarren bizimodua hobetu, arazoak konpondu eta, batez ere, behar denean elkartasuna adierazteko daudela.
Lerro hauek idazterakoan, Alberto eta Joakin langileen berririk ez da. Eta, tamalez, egunak pasa ahala, zerrenda beltza luzatu egin daiteke. Urtea latz hasi da, zentzu horretan. 13 izan daitezke urtea hasi denetik Euskal Herrian hildako langileak. Erraz esaten da.
Aste honetan entzun nion elkarrizketa batean Alberto Alonsori, Osalaneko zuzendariari, lan istripuak gizartearen arazorik nagusienetakoa direla gaur egun, eta arazo horri heldu beharra dagoela. Berriro diot, Osalaneko buruaren hitzak dira.