Herrien aldean, hiriak ari dira bereziki hazten. Aurreko batean irakurri nuenez, Donostiak lehenengo aldiz 187.000 biztanleren langa gainditu du. Pozarren hartu da albistea. Beti izan ohi da ona hiri nahiz herri batek bizilagunak irabaztea. Kendu beharrean, betiere, hobe gehitzea.
Gipuzkoako kapitalean periferia hazi da gehien; hau da, auzoak. Inguruko herrien aipamena ere egingo nuke.
Ni neu azken urteetan Astigarragan bizi naiz, eta ikaragarria da herri horretan azken hamarkadan eraiki den etxe kopurua, eta, jakina, biztanleriaren hazkundea ere begi bistakoa da. Azken 10 urteetan gutxi gorabehera bi mila biztanle irabaztea ez da zifra makala.
Baina aipatzen hasita, azpimarratu beharra dago zerbitzuak ez direla maila berean garatu. Azken hamarkadetan ozen eskatu den eskola publiko berriaren arrastorik oraindik ez egotea horren sintoma nabarmenena da. Era horretan, biztanleria hori duen arren, DBH ziklorik eskaintzen ez duen herri bakarra da Gipuzkoan. Eta badiotsuet eskaera egiten hasi zenetik makina bat urte pasa dela.
Bitartean, gabezia hori mahai gainean, berriro ere udal hauteskundeak parez pare. Zenbat herritan izango diren horrelako edo antzerako oinarrizko beharrak!
Hirietan, berriz, ematen du proiektuen abiadura beste bat dela. Alderdi batzuk etorkizuneko super-mega proiektuak aurkeztera ere animatzen dira. Izan ere, alderdiei hirietako alkatetzak lortzea oso erakargarri zaizkie. Hiri zein herri handi, baina populatuen diren horiek dituzte begiz jota. Kanpainaren norabidea ikusterik baino ez dago, mitin handienak hirietan! Zenbat herri txikitan ikusiko ditugu Diputaziorako hautagaiak? Noizbait Leintz Gatzagan izan da horrelako mitinik? Arrazoiz esan ohi dute herri txikietan, askotan, abandonatuta sentitzen direla.