Galderak eta erantzunak ere bai. Hausnarketarako balio dezaketen horiek.
Udan, herriko mugetatik kanpo joaterakoan ohikoa izaten da "nongoa zara?" galdera egin edo entzun behar izatea. Nik uste dut euskaldunok album kuriosoa osa dezakegula galdera horri dagozkion erantzunekin.
Kilometro kopuruaren arabera izan ohi da erantzuna: "Euskal Herrikoa", "Soy vasca" edo "I’m from Basque Country" dira aukeretariko batzuk. Beste batzuek, berriz, nahiago dute espainiarrak direla esatea. Badira urrutiago joan eta "europarra naiz" aukera erabiltzen dutenak.
Norberaren esku bat edo beste erabiltzea.
Hori bai, gehienetan, Basque Country aukeratuta, maiz, herrialdea kokatu beharra izaten da, geografikoki, edo bestela, kirolarekin edo beste arloren batekin lotura eginez –hiriren bat, futbola eta sukaldaritza oso erabiliak izaten dira–. Hor konturatzen gara Basque Country markak gure mugetatik at duen arrakastarekin, eta jendeak zerekin lotzen gaituen.
Udako oporraldian, Espainian, Kanarietako La Palma irlan pare bat alditan egin zidaten galdera. Azkena, irla erakusten ari zitzaigun gidariak.
–Vosotros sois españoles, ¿no?–, galdera.
–Somos vascos–, nik erantzun. Gainera, une hartan euskaraz ari nintzen ondokoarekin.
Eta gidariak, modu onean, eta taldea bizkor antolatzeko asmotan:
–Bueno, no vamos a empezar a hacer diferencias–.
Badakit espainiarrez ba ote zekigun galdetu nahi zigula, baina galdera beste modu batera formulatu zuen. Eta nik, boteprontoan, galdera erantzun nuen.
"No hacer diferencias". Hausnarketarako esaldia.
Baina gauza bat da nabarmendu nahi izatea eta beste bat era naturalean zure burua kokatzea.
Batek daki, agian, noizbait, haiek egingo digute lan hori.