Bost edo sei urte izango nituen, eta ondo gogoan dut autobus geltokian geundela, Aretxabaletan. Zapatu arratsaldea zen, negua, horretaz ere akordatzen naiz. Ume mordo bat Arrasatera joan ginen, eta han, antzoki handi batera. Amaia izango zen… izenaz ez naiz akordatzen, baina bai, oholtzatik jende pila bat ikusten zela. Itzela, ume baten begietara.
Zerbaitegatik geratu zitzaidan egun hura markatuta. Izan zitekeen herri handiago batera joateak duen liluragatik. Baina, hori baino gehiago, oholtzan genuen egitekoagatik izan zen. Astoa ikusi nuen abestia kantatu behar genuen! Garai hartan heat bat. Niretzat oso magikoa zen abestia. Asto bat ikastolara etorri, gabardinarekin, eta onena: futbolean hasi, baloiak jo eta anbulantziari deitu behar! Hasieratik bukaerara, istorio borobila zen. Eta han atera ginen, haur pila bat astoaren abenturak kantatzen. Zatika abestu genuen, kantua luzea baitzen. Talde batek zati bat, besteak bestea… Astoa ospitalera eramanda bukatu zen gure abentura.
Orain konturatzen naiz Imanol Urbietak egindako lana zein inportantea izan zen. Hainbeste belaunaldi iraun duten kantuak egiteko, hamarreko abestiak egin behar dira, gero! Horregatik, eskerrik asko, Imanol, zure kantuekin umetako une txiki eta goxo horiek gordetzen lagundu diguzulako. Eta, batez ere, gure umetako imajinarioan, buruan zein bihotzean, euskara erdigunean jartzeagatik. Lan bikaina eginda joan zara. Baina, ziur izan, oraindik ere, zure kantuekin umetako oroitzapenak iltzatzen jarraituko duzula.