Eta jakin dugu bergararrak memoriak idatziko dituela, agintaldian egon den urteetan ikusitakoa kontatuz. Baina zergatik ez orain kontatu? Egun batzuk geroago, Gipuzkoarako hautagai sozialistak, Denis Itxasok, Gipuzkoa txikia dela eta denok elkar ezagutzen dugula gogoratu, eta bere errenta aitorpena eskura dagoela esateaz gain, orientazio sexualaren berri ere eman zuen. Hori ere beharrezkoa da?
Ze luze egingo zaigun kanpaina aurrekoa, eta zein nekatuta iritsiko garen hauteskunde kanpainara. Maiatzean egingo dira hauteskundeak, eta, oraindik, zazpi hilabete falta direnean, hasi dira agurrak, adierazpen polemikoak, badatoz aurpegi berriak. Ez dut ukatuko, aurpegi berriek morboa eragiten dute. Jakin-mina izaten da, bereziki, udal hauteskundeetan. Horrelakoetan, lehenengoari ez ezik, zerrendako izen guztiei erreparatzen zaie. Baina argi dagoena zera da: hau dena gero eta goizago hasten dela. Publizitateak, irudiak, marketinak gero eta espazio handiagoa dute, baita politikan ere.
Baina ez ote du gero eta eragin txikiagoa herritarraren egunerokoan? Zenbateko arreta jartzen zaio zaparrada horri? Ez ote ditugu erraz ahazten aurpegi berriak?
Eta, udal hauteskundeen ondoren, gainean daude orokorrak, eta, gero, badatoz besteak. Gero eta goizago, eta ondorioz, ematen du maizago direla hauteskundeak. Beti kanpainan egongo bagina bezala.