Hala irakurri nion Twitterren, aldizkarian lehenengo lerroak idatzi zituen Juan Luis Azkarate kazetari arrasatearrari. Txio hark nire oroitzapenen zakua astindu zuen. Seguruen, aldizkaritik pasa diren beste batzuena bezala.
Kazetaritza ikasketak bukatu berri, kazetari lez Arrasate Press-en lehen urratsak egiteko aukera izan nuen. Akordatzen naiz idatzi nuen lehenengo erreportajea erleei eta eztiari buruzkoa izan zela. Eta horrelakoa izan zen aldizkarian egin nuen ibilbidea ere; batzuetan eztia, eta beste batzuetan garratza. Baina zapore eztiarekin geratu naiz. Eskola galanta izan zen niretzat.
Lanerako tresnei dagokienez, panorama dezente aldatu da. Gogoan dut, lanean hasi eta urte batzuetara, Interneti buruzko erreportaje bat egin genuela. Azalean mundu bat irudikatu genuen, ordenagailuko sagu bati lotuta. Ikerlanen azaldu ziguten zer zen Internet. Oso gauza arraroa zirudien, batek daki zer ulertu genuen. Gustura irakurriko nuke erreportaje hori orain!
Handik pare bat urtera, Interneten kontu hori barneratuago, AZK enpresara jo genuen, eta sarean produktuak saltzea posible zela kontatu ziguten. Bien bitartean, lanerako bitartekoak ere aldatzen ari ziren. Argazkiak errebelatzeari utzi genion. Argazki kamera digitalak erosi. Ordenagailu berriak, bizkorragoak. Jendearekin email bidez harremanetan jarri. Telefono mobila.
Teknologia berriek irauli dute kazetarien lana. Dena bizkorrago (horrek batzuetan duen arriskuarekin) eta albistea zabaltzeko medioak gehiago.
Baina, ez gaitezen engaina, kazetariaren ofizioak lehengoa izaten jarraitzen du. Ez dut uste teknologia berriekin lehen baino profesional hobeak garenik, edo lehengoak baino hobeak. Baliabide berriekin produktu hobeak egin daitezke, baina, ez, profesionalagoak.