Eta matematikari bikain haien kalkuluei esker lortu zuten amerikarrek espazioko lasterketan aurre hartzea.
Hala ere, beltzak eta emakumeak izateagatik, euren lanbide-karreran oztopo ugari izan zituzten; eta aitzindari izan arren, haien inguruko gertakizunak ezezagunak izan dira gaur arte.
Horixe izan da emakume askoren patua: historia-liburuetan ikusezin bihurtu dituzte.
Gaur egun, unibertsitateetako ikasleen artean emakumezkoak dira gehiengoa; hau da, graduatzen direnen % 65 inguru dira, hain zuzen ere.
Hala ere, emakumezkoen ehunekoak behera egiten du, karrera zientifikoan gora egin ahala.
Horrela, neskak zientzia arloan aritu diren emakume eredurik gabe aurkitzen dira.
Eta identifikazio eredu horren faltak emakumeak zientzia-arloetatik aldentzeko joera indartzen du.
Emakundek 2016ko Berdintasunerako Saria emango dio Marta Macho Stadler EHUko irakasleari, emakumeek zientzia-arloan egindako lanaren zabalkundean egindako ahalegina dela eta.
Ildo horretatik, nahitaezkoa da Adela Moyua Oñatin jaiotako emakume zientzialaria gogora ekartzea; EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko kide izan zen Adela eta Fakultate horretako Berdintasun Batzordeak Leioako Paraninfo ondoko gelari Adela Moyua izena ematea proposatu du.
2017an Txantxiku Ikastolak 50. urteurrena ospatzen duela eta, hasierako urte haietan lan handia egin zuten hainbat emakume gogoratu nahi ditut baita ere.
Ikastolaren sorreran dirua batzeko zabaldu zen tabernan makina bat oilasko, piper… prestatu zituzten emakumeak.
Oso borondate onez, isil-isilik, lan eta lan egin zuten emakume bikainak!
Haien lana ere agerian jarri behar da eta ezin da ahaztu, ezinbestekoa izan baitzen.
Bejondeiela!
----------
Marijo Etxegoien Arzuaga
Oñatiko EAJ-PNVren Berdintasun batzordeko zinegotzia
Oñati