Oraindik ere bereizkeria eta desberdintasun-egoera ugari bizi dira gure herrietan: besteak beste, lan-merkatuari buruzko datuek agerian uzten dutena, partaidetzan eta erabakiak hartzean, etxeko lanak egitean eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzean, emakumeen aurkako indarkeria erabiltzean, pobreziaren aurpegietan… ematen direnak.
Egia da gizonen eta emakumeen arteko aldea txikitu egin dela, baina erritmo motelean ari da bata besteari hurbiltzen. Adibidez, zaintza-lanetan erantzunkide izatea proposatzen denean, zera esan nahi da: etxeko pertsona guztien artean banatzea eta guztien artean partekatzea lana. Oraintsu arte, emakumeak arduratu dira, batez ere. Baina garaiak aldatu dira, eta, XXI. mendean, eredu berri horri eusteko, denbora eta indarra azken muturreraino eraman behar izaten dugu emakumeok. Kontua, hortaz, ez da zereginak partekatzea; kontua da erantzukizunak eta lanak, bizitza-proiektua, elkarrekin partekatzea eta banatzea.
Horretarako, emakumeek eta gizonek, eta familiek eta etxeek eraldaketa sakona bizi behar dute, erantzukizunak, denborak eta zereginak banatzeko eta partekatzeko. Hala ere, ez da nahikoa. Benetako berdintasuna lortzeko, gizarte-maila guztien eta ekoizpen-sektorearen konpromisoa behar da: enpresak, sindikatuak, erakunde pribatuak…; baita erakunde publikoen lidergoa eta koordinazioa ere.
Adibidez, 2015ean 73 enpresak lortu dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea aitorpena. Berdintasunaren alorrean gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko konpromisoa hartu duten enpresak eta erakundeak nabarmentzea da Emakundek ematen duen aitorpen honen helburua. Alabaina, zerrenda luzea bada ere, bakarra da Oñatikoa: MU Enpresagintza eskola. Badago, beraz, zer aldarrikatu gure herrian martxoaren 8an eta baita urteko beste 364 egunetan ere.
----------
Marijo Etxegoien Arzuaga
(Oñatiko EAJ-PNVren zinegotzia)
Oñati