Oso gogoan dut eguerdian lanetik fitxatu gabe atera nintzela, argia joan zelako eta fitxatzeko makinak ez zuelako funtzionatzen. Eraikineko kontua izango zela pentsatu nuen –genuen guztiok–, eta erosketak egitera joan nintzen, argia joan izanaren kontuari inolako garrantzirik eman gabe. Baina azokara gerturatzean, susmo txarra hartzen hasi nintzen: han ere ez zegoen argirik eta inguruko jendea esaten ari zen Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste leku batzuetan ere argia joana zela. Ahal zena erosi eta eskudirutan ordaindu ondoren, etxera bideratu nintzen, jada errezeloz guztiz beterik. Eta auzora gerturatu eta "gerria, gerria dator!" entzutean, neure burua sistema honen kolapsoa eta apokalipsia irudikatzen hasi zen –beste behin–.
Bazkalordu inguru hartan bakoitzak daki nola kudeatu zuen egoera, baina interesgarria izan zen arratsaldean lanera itzultzean entzutea bakoitzak nola bizi izan zuen, zer sentitu zuen, zer egin zuen.
Egun batzuk lehenago Europako Batasunak gomendatutako hiru egunerako biziraupen-kitarekin akordatu ziren batzuk, itzalaldia era guztietako teoria konspiratzaileekin lotuz eta kit hori are tresna gehiagorekin hornituz, laster zerbait potoloagertatu behar dela argi ikusten dutelako.
Beste askok ganbaretara, trastelekuetara eta despentsetara jo zuten, hautsez betetako kanpin-gasek eta linternek oraindik funtzionatzen zuten eta kontserba-latarik bazuten begiratzera, hala izan ezean ahal izanez gero arratsaldean bertan erosteko. Pentsatzen zutelako egoera behin-behinekoa izango zela, baina badaezpada ere...
Gutxi batzuk ez ziren askorik larritu, etxean elektrizitate gabe funtzionatzen duten sistema alternatiboak –gas edo egur bidezkoak–, baratzea eta abereak dituztelako. Baita eskopetak ere.
Zortedunenak ez ziren enteratu ere egin, adibidez, soroan lanean edo mendian zebiltzalako.
Nik beldurra pasatu nuen; pentsatu nahi nuen arren aldi baterako egoera izango zela, egungo testuinguru geopolitikoa ikusita egoerak beste behin ekarri zidalako burura muntatu dugun sistema honen hauskortasuna eta horrekiko gure mendekotasun eta babesgabetasun egoera.