Beste behin. Hilabete pasa delako azken zutabetik, baina, 10 urte eta 120 zutabe inguru egin eta gero, geroz eta gehiago kostatzen zaidalako zer idatzi pentsatzea. Hari askori tira egin diet jada, eta hilabete batzuetan ez dut gogoeta interesgarririk egiten, ez zait ideia berezirik okurritzen. Azkenaldian, askotan iristen naiz, orain bezala, atzerako kontaketara, zein gairi heldu jakin gabe.
Eta orduan hasten naiz denboran atzera eta ingurura begira: zer egin dut hilabete honetan? Zer erabili dut buruan? Gertatu al da munduan mugiarazi nauen zerbait? Azken galdera horren erantzuna baiezkoa izaten da ia beti, baina aktualitatearen inguruko hausnarketa eta azalpenak idazteko, nire aldean jantzita dauden kazetariak aurkituko dituzue Goiena aldizkarian bertan, Argia astekarian edo Berria egunkarian. Horiek askoz hobeto ematen dituzte Trumpen muga-zergen, Gazako genozidioaren, Bridgestoneko kaleratzeen eta euskararen aurkako oldarraldiaren inguruko ikuspegi landuak.
Esan bezala, orduan hasten naiz, nire barruan, zerbaiten bila. Izan ere, idaztea –sortzea, funtsean– ez da prozesu erraza. Nire esperientziatik, ideiak ezin dira eragin edo probokatu; sortu egiten dira, okurritu egiten zaizkigu. Eskatologiko samar jarrita, sortzea kaka egitearekin parekatu daiteke: ez dugu egiten nahi dugunean, gogoa sartzen zaigunean baizik. Eta batzuetan gertatzen da –idorreriarekin bezala– indarra egin arren, bultza eta bultza egiten saiatu arren, ez dela ezer ateratzen. Sormen krisietan bezala.
Alabaina, esango nuke sormena entrenatu egin daitekeela, heste-igarotzea hobetzeko neurriak hartu daitezkeen bezala, eta beti erabili daitezkeela emergentziazko baliabideak orri zuriaren ezerezetik ateratzeko: gauza bat esateko ahalik eta hitz gehien erabiltzea, ideia bera bi edo hiru aldiz baina modu desberdinetan adieraztea esaldi banatan, metadiskurtsoaren bitartez zer idatzi ez dakizunaz idaztea...