Planaren zati bat inprobisatu behar izan genuen eta goizean erabaki genuen bertan bazkalduko genuela. Jatetxeren batean egunean bertan telefonoz deituz mahai bat erreserbatzen saiatzeko ausarkeria egin genuen, kamikazeegi bihurtu delako jada gaur egun edozein ostatutan besterik gabe agertzea momentuan jateko asmoarekin. Eta, noski, deitutako toki guztietan lekurik ez zutela esan ziguten. Are gehiago, begira gauzak nola dauden: horietako batera deitu eta zuzenean erantzungailu automatikoak salto egin zuen, "deitu duzun zenbakia beteta dago" mezua esanez. Telefonorik hartu ere ez zuten egiten.
Geroz eta zailagoa da inprobisatzea; hona edo hara joatea egunean bertan, bezperan edo egun gutxiko epean erabakitzea. Izan jatetxe, kontzertu edo bidaia, aurrerapen askorekin ibili ezean, prezio altuak edo sold out mezuak baino ez dira aurkitzen jada. COVIDaren pandemiaren beste ondareetako bat, esango nuke.
Itxialdi, konfinamendu arintze erregulatu, burbuila talde eta gure sozializatzeko moduari errotik eragin zioten bestelako debeku eta kontrol neurriek gaur egun dirauten ondorio edo aldaketak ekarri zituztela sentitzen dut. Tabernak itxi zituztenean, estatubatuarrak edo frantsesak bezala etxeetan biltzen hasi ginen; terrazak baimendu zituztenean, aulkiaren jokoan jolastu beharrik ez izateko mahaiak erreserbatzen ikasi genuen; eta lokal itxietako edukiera kontrolatzen hasi zirenean, kanpoan ez gelditzeko aurretiaz gure plaza erreserbatzen trebatu ginen. Edozer, norberak eta ingurukoek, behintzat, nahi den hori egin ahal izateko.
Ekonomian aspaldi ikasi genuen kapitalismoaren oinarrian gizakiaren behar –edo desio– mugagabeak eta merkatuaren baliabide mugatuak daudela, eta, pandemia osteko garai honetan, argi sumatzen dut mugatu kontzeptu horrekin guztiz harrapatu gaituztela. Gabe edo kanpo gelditzea geroz eta gehiago kostatzen zaigu eta ohitu gara aurreratzera, inor baino lehenago –eta merkeago– gure plaza erreserbatzera. Ikusi besterik ez dago urtebete barru ospatuko diren kontzertuetako sarrerak nola agortzen diren egun gutxiren buruan.
Paradoxikoa, beste behin, gizartearen norabidea: egunero gertatzen diren istripu edo hondamendiek biharra planifikatzeak zentzu gutxi duela erakusten diguten bitartean, gu aurkakoa egiten tematzen ari gara inoiz baino gehiago.