Min ematen dit, sentitzen dudalako desagertzeko arriskuan dagoen espezie batekoa naizela, identitate horrekin bizitzeak lan gehigarri bat eskatzen duela, hautu kontziente bihurtu dela, erresistentzia ariketa bat dela.
Kalean nagusiki gaztelera entzuten dudanean, euskararen herrian bertan –Euskal Herrian– hizkuntza eta berari loturiko nortasuna gutxiesten direnean, berau babesteko lege eta neurriei eraso egin edo horiek errespetatzen ez direnean, geroz eta gutxiago eta okerrago erabiltzen dela baieztatzen dudanean, euskaraz bizi daitekeen mundua murritzagoa dela konturatzen naizenean eta, batez ere, erosotasunaren edo bakearen izenean –estres linguistikoa edo konfrontazio identitarioren bat ekiditeko, kasu–, nik neuk neure hizkuntza albo batera uzten dudanean.
Min ematen dit euskalduna izateak, izan nahiko nukeelako euskaldun besterik gabe; izateko borrokatu beharrik gabe.
Askotan iristen naiz gogoeta horretara, eta, puntu horretara ailegatzean, lotsa puntua sartzen zait. Zenbat euskaldun* egongo ote diren munduan izateko egunero ni baino askoz gehiago borrokatu beharko dutenak. Zenbat izatek sortu ahalko duten sufrimendu edo min bera, eta handiagoa.
Munduaren luze-zabalean bizi diren hizkuntza komunitate gutxituetako pertsonak, estatu gabeko herri zapalduetakoak, gizon eta emakume arrazializatuak, gu geu emakumeok, LGTBIQ+ kolektiboko jendea, mugikortasun urrikoa, gaixotasun arraroren bat pairatzen dutenak… Izate hutsagatik borrokatu behar izango duen pertsona asko dago munduan. Gehiengoa, ziurrenik.
Askoren gaitza inozoen kontsolamendutzat hartzen da. Edo pandemiatzat. Kasu honetan, paradoxatzat ere bai; izan ere, gutxiengoak gara gehiengo. Pentsatzen hasten bazara zein identitate izan beharko zenukeen izate hutsagatik ez sufritzeko edo borrokatu beharrik ez izateko, ez dago aukera askorik...
Sarritan pentsatu izan dut beste bizitza batean espainiarra* izan nahiko nukeela, edo estatu eta hizkuntza normalizatu bateko kidea. Baina honetan euskalduna izatea tokatu zait, edo hautatu dut, minak min.