Nola kaleak, irrati edo telebistako saioak eta gure egunerokoa bera ere aldatu egiten diren. Oporrak nituen jada buruan eta, oporretan ere, oporren inguruan ibili naiz hausnartzen.
Okurritu zait bi opor-egun mota egon daitezkeela, egitateak bitan sinplifikatzeko korronteari jarraituta.
Leku ezezagun batean egon gaitezke uda pasatzen eta guztia izan daiteke berria, kitzikagarria. Halakoetan, ohikoa izaten da ahal den guztia ikusi edota egin nahi izatea. Testuinguru horretan kokatzen dudan egun mota horietako batean, zerbait lehen aldiz ikusi edo bizi dezakegu: paraje natural harrigarri bat, hiri edo monumentu enblematikoren bat, janari exotiko bat, bizitzan behin biziko dugun esperientzia horietako bat... Halako egunek bizirik sentiarazten gaituzte, adrenalinaz bustitzen gaituzte eta, ohera joan eta burkoarekin egunaren balantzea egitean, normalean sentitzen dugu 24 orduei zukua atera diegula.
Edo, beste uda batez, txikitatik edo urte askoan zehar opor-leku izan dugun tokian egon gaitezke: guraso edo aitona-amonen herria, betiko apartamentu edo kanpina…Halakoetan, ingurunea eta, kasu askotan, pertsonak ere ezagunak izan ohi dira, neurri handi batean. Testuinguru horretan kokatzen dudan eta, nire irudiko, gailentzen den egun mota horietako batean, jarduera xumeak eta, agian, beste edozein egunetan ere burutu ditzakegunak egin ditzakegu: iratzargailu gabe esnatu, goizeko freskuran pasealdi bat eman, hondartza huts batean bainu goiztiar bat hartu, kafe batez lasai gozatu, lanean ari garen bitartean denboraren aurka egin ohi ditugun erosketa eta enkarguak patxadaz egin... Distira edo apar berezi gabeko ekintzak lehen begi-kolpean, baina erritmo azkarraren eta denbora faltaren itzal itogarririk gabe, benetan betegarri eta bihotz-altxagarriak izan daitezkeenak.
Lehen egun motak gailentzen direnean, turismoa dela esaten dut nik, eta bigarren egun motak gehiago direnean, berriz, oporrak. Horixe baitira oporrak niretako: ekintzak –bitxiak edo xumeak– burutzea horiek denboran luzatzeak ezinegonik sortu gabe.