Udako programazioa

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2024ko uzt. 5a, 00:00

Eguraldiari erreparatuta ez genuke esango.

Ofizialki udari ongietorria duela aste pare bat egin genion arren, leihotik begiratu eta martxoa izan zitekeen, lasai asko. A ze euri eta hodei festa! Gure herriaren bereizgarri izan ohi den zirimiria ere gustura dabil gurekin azkenaldian, eta eguzkia protagonista izaten duten sasoi honetako planak martxan jarri ezinda gabiltza. Jendea urduri dabil galdezka udara noiz iritsiko den. Hala ere, badaude hainbat elementu argi uzten digutenak uda sasoia hemen dela.

Uztaila iristearekin batera kalea aldatu egiten da. Ordu eta eremu oso zehatzetan mugitzen diren ikasleak oporretan daude jada eta orain ez gara beraiekin gurutzatuko betiko oren eta tokietan. Horren ordez, taldeka ikusiko ditugu bestelako jardueretan –bizikletekin, igerilekura bidean, parkeetan jolasean…–; gaztaroan egin ohi den moduan, denbora eta espazioa zukutzen. Edo, agian, helduxeagoak goizean goiz lanera bidean gurutzatuko ditugu beste herriren bateko jaietatik bueltan, zapatila zikinekin eta begi txikiekin.

Irratiek eta telebistek ere programazio bereziak estreinatzen dituzte eta "gero arte" esan behar izaten diegu irailetik bidelagun izan ditugun ahots eta aurpegiei. Eduki arin eta freskoagoak, jaiei eta oporraldiei buruzko programak, marrazki bizidunak eta telesail maratoiak… Kaleekin gertatzen den bezala, ikus-entzunezko panorama ere dezente aldatzen da.

Oporretan egon edo ez, esango nuke gure aldartea eta errutinak ere aldatzen direla. Iritsiko diren deskantsu egunen aurreko irrika edo emozioa lagun, gerora dastatuko dugunaren zaporea igartzen hasten gara. Egun luzeagoak baliatuz, agian urte akademikoan egin ez ditugunak egitera animatzen gara eta normalean hartzen ez ditugun lizentziak hartzen ditugu. Badirudi gure bizitza ere, irratiko eta telebistako programazioa bezala, arindu egin nahi izaten dugula ohiko errutinaren estutasunetik.

Eguzki edo laino, opor edo lan, balio dezala inflexio tarte honek ahal den neurrian gozatu eta indarberritzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak