Eredu izan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2024ko mai. 31a, 00:00

Zenbat aldiz esan ote diet nire ikasleei garrasirik ez egiteko, oihuka.

Lasai egoteko, neu guztiz alteraturik egonda. Edo hitz egiten ari nintzela moztu nauen bat moztu, norbait hitz egiten ari denean ez dela moztu behar esateko. Irakasle lanetan ari naizenetik, inoiz baino gehiago ari naiz jabetzen nire kontraesanez; nire diskurtsoaren eta jarreren arteko amildegiaz. Imajinatzen dut guraso lanetan ere antzera gertatuko dela. Nolabaiteko eredu garenean errazago jabetzen baikara eredua esatetik eredua izatera mundu bat dagoela; gure kontraesanek bizi duten mundu bat.

Haurrek ikusten dutena egiten dutela esaten da, figura heldu(ago)ak hartzen dituztela eredu. Ez beti –esango nuke–, zeren zenbat gurasok esaten ote duten irakurle amorratuak direla eta haurrek umetatik irakurtzen ikusi dituzten arren ez dagoela modurik haiek liburu bat har dezaten. Edo guraso erretzaile guztien seme-alabek ez dute erretzaile izaten amaitzen. Alde bateko zein besteko adibide erraztu ugari ekar nintzake lerro hauetara. Alabaina, gauza bat argi dago: predikatu nahi badugu, adibidearekin predikatu behar dugu hitzekin baino gehiago.

Hainbat erronka ditugu esku artean irakasle, guraso edo eredu izan gaitezkeen edonork une historiko honetan. Gertuan darabilzkidan batzuk aipatzearren: digitalizazio aro betean gailuen, Interneten eta sare sozialen erabileraren aukeren eta arriskuen inguruan dagoen eztabaida, krisi ekosoziala, euskal identitatearen lausotzea eta euskararekiko erabilera eta motibazio baxua, balio zibikoen ahultzea, belaunaldi berrien arteko harremanetan gailentzen ari diren enpatia falta eta biolentzia... 

Horiekiko diskurtso egokia edo politikoki zuzena, gutxi gorabehera, guztiok partekatzen dugula esango nuke. Baina diskurtso hori hautematen al da gure jarreretan? Hurrengo belaunaldiek gailu digitalen eta Interneten zentzuzko erabilera egitea nahi dugu, eta geu komunera ere mugikorrarekin joaten gara. Gazteek beraien artean euskaraz hitz egitea, eta gure inguruko helduekin gazteleraz egiten dugu. Kontzientzia ekologikoa edukitzea, eta asteburu-pasa Londresera hegazkinez eraman ditugu.

Niri, behintzat, ikuspuntua eta erantzukizun zentzua asko aldatu zaizkit jabetu naizenean esaten dudana entzuten baino egiten dudanari begira ari zaizkidala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak