Errutinaren hezetasunak nire barrenean berriz goroldioa sortu baino lehen, oraindik ere egunok nigan berpizturiko bizitzarekiko zirrara puri-purian sentitzen dudan bitartean. Egunerokotasunaren hats anestesikoaren mehatxua kokotean igartzen hasi naiz jada eta.
Daramadan batez besteko bizitza honekin perspektiba galtzen dut sarritan. Sentitzen dut zoom in eginda bizi naizela, fokua esparru txiki(egi)an jarrita, gurpil beraren barruan biraka dabilen hamsterra bezala; iratzargailuarekin esnatu eta erlojuaren aurkako eguneroko dema hasi, lanera joateko prestatu, lan egin, etxeko eginbeharren artetik gustuko zerbait egiteko denbora atera eta esnatutakoan irudikatutakoa baino zertxobait beranduago lotara joan, hurrengo egunean lehenago oheratuko naizela esanez. Eta bai, egunero bilatzen dira errutinaren artean zirrikituak, plazer txikiak, baina ez ote garen errazegi edo gutxiegirekin konformatzen...
Kasualitatez edo kausalitatez lerro hauek idaztea pentsatzen ari nintzela, El país egunkariko iritzi-zutabe batekin egin nuen topo –Manuel Vicent-en El tiempo, norbaitek kuxkuxeatu nahiko balu–. Bertan zioen denbora ez dela existitzen, denbora dela gertatzen zaizkigun gauzak, eta horregatik pasatzen dela horren bizkor jada ezer gertatzen ez zaigunean. Monotoniaren eraginez egunek ziztu bizian irrist egiten dutela bizitzaren gainean, arrastorik utzi gabe, eta denbora poliki pasatzeko konponbide bakarra dela edozein adinetan bizitzea pasio berriak, esperientzia zirraragarriak, ezusteko aldaketak eguneroko bizimoduan.
Errutina erosoa droga bat bezala dela esango nuke, luzaroegi kontsumituz gero menpekotasuna sortzen duela eta lozorro antzeko egoera batean mantentzen gaituela. Horregatik iruditzen zait beharrezkoa –edo, gutxienez, gomendagarria– dela, ahal dela, tarteka zoom out egin eta errutina monokromatikoari kolore pixka bat ematea, bizitzea benetan zer den gogorarazteko.