Etxeko lanei dagokienez, pertsona batzuek basozainen antza dute. Mantentze eta prebentzio lanak egiten dituzte: espezie desberdinen eta ingurunearen zaintzarekin, babesarekin eta kontserbazioarekin zerikusia dutenak, alegia. Aurreikuspenez jokatzen dute. Guardaren konparaketarekin jarraituz, arduratzen dira belar txarrak kentzeaz, sasiak erretzeaz, lurra ongarritzeaz, animalia espezie desberdinen joan-etorriak kontrolatzeaz... Basoa zaintzen dute, besteak beste, su hartu ez dezan. Beste pertsona batzuk, ordea, suhiltzaileen antzekoagoak dira: suak itzaltzen dituzte.
Lehenek askotan egiten dute pixka bat, bat-batean guztia egin beharrik ez izateko. Konpondu beharreko arazorik ez egoteko ahaleginak egiten dituzte ia egunero. Bigarrenek, sinpleki, arazoa agertzen denean konpondu egiten dute.
Basozain tipokoak, ziurrenik, sutan jarriko dira suhiltzaile tipokoen jarrera erreaktiboarekin; irudituko zaie arduragabeak direla, nagiak, guztia "gero"-ko uzten dutela. Eta alderantziz: suhiltzaile tipokoek pentsatu dezakete besteek alferreko esfortzua egiten dutela, denbora eta energia xahutzen dituztela.
Denboraren kudeaketari dagokionez, nire esperientziaren arabera, basozainek planifikazioa dute gogoko. Gustatzen zaie aurretiaz jakitea hurrengo egun, aste edo oporretan zer egin behar duten, nora joan behar duten. Suhiltzaileekin, ordea, aurkakoa gertatzen da: gozatu egiten dute inprobisatzen, bat-bateko planak egiten.
Lehenek, seguruenik, pentsatuko dute bigarrenek alferreko arriskuak hartzen dituztela, denboraren eta aukeren mugetan funanbulistarena egiten disfrutatzen dutela. Bigarrenek, aldiz, iritziko diote lehenak aspergarri eta ziurzale hutsak direla.
Bi pertsona mota daude eta, askotan, gehiegitan, elkarrekin amaitzen dute. Agian, Aristotelesek esan bezala, bertutea erdibidean dagoela eta, elkarrengandik ikasteko?