Ondoloin!

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2023ko eka. 23a, 00:00

Ikasle talde bati egin nion galdera duela aste batzuk; ea zer egitea zuten gustuko itaundu nien.

Futbolean jolastea, lagunekin egotea, bideojokoak, jatea… Klasiko batzuk atera ziren erantzunen artean. Batek, ordea, lo egitea atsegin zuela adierazi zuen, eta pentsatu nuen nire baitarako: "Kontxo! Baita nik ere". 

Ondorengo egunetan buruan erabili dut lo egitea gustuko izatearen kontua. Izan ere, berez ez da egiten ari zaren bitartean gozatu dezakezun zerbait… Esan nahi dut: mendian ibiltzea gogoko duenak mendian dabilen bitartean gozatzen du; berdin jatearekin edo pelikulak ikustearekin disfrutatzen duenak. Baina lo zauden bitartean zail jabetuko zara lo egotearen plazeraz. 

Kuriosoa da, etereoa. Zeren momentu batez kontziente zaude egunaren errepaso mentala egiten edo hurrengo eguneko kontuetan pentsatzen, eta, konturatu orduko, esnatu zara –normalean, berehala lo hartzeko zortea dugunon kasuan, behintzat–. Eta, hala ere, zein gozoa den lokartze une hori, esna-aldiaren eta loaldiaren arteko linboa. Sofan, pelikula edo dokumental erdi-interesgarri baten soinu ia entzunezinarekin, elkarrizketa eta hotsak ametsetan sartzen direla. Autobusean edo kotxeko atzeko eserlekuetan, burukada artean paisaia aldatzen ikusiz. Hondartzan, gora begira hegazkin modua aktibatuta; piztuta, baina ezer igorri gabe, ingurukoen elkarrizketak eta olatuak urrunera sumatuz. Ohean bertan, etxekotasun goxoan. 

Agian, lo egitea horren gustuko dut, lo faltaren sintomak dohakabeak iruditzen zaizkidalako. Zelako amesgaiztoa den gaizki deskantsatutako gauaren biharamuna… arropak garbigailutik programa amaitu baino lehenago ateratzea bezala. Zeinen luzeak edo gogorrak egiten diren esnatu orduko oheratzearekin pentsatzen gauden egun horiek.

Bitxia da lo egin behar izatearena, eta, zentzu batean, magikoa ere bai. Nire etxean beti esan baita guztia lo eginez pasatzen edo sendatzen dela. Eta geroz eta hobeto ulertzen dut zergatik. Hori dela eta, azkenaldian jendea "ondoloin" esanez agurtzen dut askotan, uste dudalako hori dela edonori opa dakiokeen hoberena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak