Sarri joaten naiz, asko gozatzen baitut lasai ibiltzen, arreta ikusten, entzuten eta usaintzen ari naizenean jarrita: inguratzen nauten landareen kolore eta lurrinean, sastraka artean mugitzen diren animalien soinuetan, txorien kantuetan… Askotan joanagatik, baina, beti ez dut berdin disfrutatzen; ez baitut beti lortzen gorputza eta burua leku berean edukitzea. Joan den asteburuan bai, ordea. Eta zein ederra den lasai ibiltzea –edo lasai egotea–, barruko garbigailu horretan bestelako pentsamenduak biraka izan gabe.
Sinplea dirudi, baina niri, behintzat, oso zaila egiten zait arreta orainean izatea. Saiatu zarete sekula sagar edo jogurt bat jaten, hasieratik bukaerara, beste ezertan pentsatu gabe? Egiten ari zareten horretan guztiz zentratuta? Edo gidatzen ari zareten bitartean kantu bat osorik abesten, tartean beste zerbaitekin distraitu eta konturatu gabe isildu barik? Gutxitan erdiesten dut nik, behintzat. Hori bai, zelako betetasun eta lasaitasun sentsazioa sentitzen den burua, arreta eta gorputza lerrokatzean.
Zoriontasunaren propaganda etengabe egiten den garai hauetan eta konkistatu beharreko azken tontor bezala ageri zaigun honetan, lasaitasunaren aldeko aldarria egin nahiko nuke. Ertz askoko kontzeptua da zoriontasuna, baina badirudi poz, alaitasun edo euforiarekin lotzen dela, gehienbat; etengabeko estimulazioarekin eta gozamena eragiten diguten jarduerekin. Gustuko duguna egin edo –erosteak– ematen digun plazerarekin.
Agian, adinean aurrera joatearen beste adierazle bat izango da, baina, honezkero, nik nahiago dut triste baina lasai egon, pozik eta antsietate puntu batekin baino. Une honetan, nahi baino gehiagotan aktibatzen den pentsamendu erauntsi, labadora edo har hori arrastoan sartzea dut xede. Zer pentsatu aukeratzeko gaitasuna izatea. Edo, are hobeto: ezer en pentsatzeko abilezia.
Zorionez, gorputza bezala, garuna ere entrenatu daiteke, antza. Eta hor ibiltzen naiz: kantu bat hasieratik amaierara abesten saiatzen, eta, distraitu banaiz, berriz hasieratik hasten; paseatzen nabilela ikusmena, entzumena eta usaimena zorrozten… Zoriontasuna ia-ia oparitu egiten digute; lasaitasuna landu egin behar da.