Horren ildotik, otsail amaieran irakurri nuen Argia-n Ane Ablanedo Larrion-en iritzi artikulu bat, Euskararendako ideologia bat gazteentzat, mesedez izenekoa. Irakaslea da hura, antza, eta zioen asko tristatu dela denbora batez baimen egoeran egon ostean D ereduko institutura itzuli eta ikasleen hizkuntza-jokabidea ikustean. Haren hitzetan, ikasleek erdararekiko joera ia erabatekoa dute eta, are gehiago, beren hizkuntza-hautuarekiko halako harrotasun moduko bat erakusten hasi dira, baita irakasleei gazteleraz hitz egiten ere. Errealitate horren atzean egon litezkeen arrazoietan baino gehiago, ideia honetan sakontzen zuen artikuluak: euskararen egoera ulertzeko eta marko egokian kokatzen laguntzeko ideologia bat eskaini behar diegula ikasleei, emakumeon zapalkuntza egoera ulertzeko heteropatriarkatua edo feminismoa azaltzen diren bezala, esaterako.
Artikulua irakurri nuenean sentitu nuen bete-betean asmatu zuela. Nire ustez, duela hamarkada batzuk, testuinguru politikoa beste bat zenean, euskararen eta euskalduntasunaren aldeko aldarriak borroka eta erresistentzia izaera zuen. Euskaraz egiten genuen euskaldunak ginelako, baita gazteleraz hitz egitea espainiar izatearekin lotzen genuelako ere. Baina zapalkuntza eta kolonizazioa sotiltzen joan diren heinean, euskal identitatearen –eta historikoki lotu zaion hizkuntzaren– aldeko aldarria hustu edo desitxuratu egin dela esango nuke, eta identitate espainiar edota global baten asimilazioa gertatzen ari dela. Identitatearen eta hizkuntzaren arteko disonantzia.
Testuinguru berri horretan, eta Ablanedok aipatzen zuenarekin bat eginez, ezinbestekoa iruditzen zait belaunaldi gazteei euskaraz hitz egitea garrantzitsua dela esaten diegunean zergatiak ondo azaltzea, eta ez gelditzea "euskaraz hitz egin behar dugu euskaldunak garelako" horretan soilik. Ekologismoa bogan dagoen honetan, gazteek ulertzen dute espezieen galerak ekosistemetan duen eragin negatiboa, edo planetarentzat dakarren aberastasun galera. Eta hizkuntzen eta espezieen arteko paralelismoa egingo bagenu? Hizkuntza-ekologian egon liteke diskurtso berriaren gakoa? Zerbait asmatu beharra dugu iraungo badugu.