Funanbulista

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2023ko ots. 24a, 00:00

Bizitza zelako ederra den eta gizateria katastrofe handiren batekin desagertzera doan sentsazioen artean funanbulistarena egiten ari naiz aspaldian.

Konturatzen nabil bi pentsamendu-korronte nagusi ditudala eta, finean, bi zutabe-mota idazten nabilela azkenaldian: "Bizitza zoragarria da eta egun bakoitzak ondo zukutzea merezi du" edo "amildegira goaz zuzen eta, gainera, abiadura handiko trenean joan nahi dugu".

Nahiko lasai eta gustura esnatzen naiz egunero. Irratia piztu, balkoira atera eta zein eguraldi dagoen atzeman, luzaketa batzuk egin, lasai antzean gosaldu… baina lehen albistegi saioa entzun edo Twitterren sartu orduko, akabo. Lerroburu nagusien laburpena: gure burbuila honek eztanda egingo du edozein unetan eta ezingo diogu luzaroan eutsi bizi estilo eta erritmo honi. Ez, behintzat, orain arteko guztiok. 

Eta klik egiten dit orduan buruak eta ideia katastrofikoen erauntsia hazten da: nola egokituko gara trantsizio energetikora, energia garbiak deiturikoak ez badira gai orain adinako energiarik sortzeko eta, aldi berean, geroz eta gailu elektriko gehiago saltzen ari bazaizkigu? Zertan ari gara konpetentzia digitaletan trebatzen, itzalaldien mehatxuak geroz eta handiagoak badira? Ez al litzateke komenigarriagoa burujabeago egingo gintuzketen ezagutzetan sakontzea, teknologiarekiko dugun morrontza elikatzen jarraitu beharrean? Sistema hau kolapsatuko balitz nola egingo genuke aurrera, biziraupenerako oinarrizkoenak diren elementuekiko –ura eta janaria– kontrolik ere ez badugu eta horiek etengabe kutsatzen ari bagara?  

Soka ahularen gainean oreka galtzen hasten naizela nabaritzen dut orduan, hondamendiaren aldera erortzera noala. Arnasa hartu eta nire pentsamendu zoroen agintea berreskuratzen saiatzen naiz. Eta jendarteko batez besteko pertsona bat gehiago bezala existitu eta produzitzeko lanera joateko prestatzen hasten naiz, gogoeten bigarren plano batean kapitalismoaren apokalipsirako gertu egoteko estrategiak pentsatzen ditudan bitartean, badaezpada ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak