Sorioneku egunerokotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2023ko urt. 20a, 00:00

Gabonetako oporren aho zaporea ia desagertu zait eta hurrengo bakazioetarako nahi baino denbora gehiago gelditzen da zutabe hau idazten ari naizen blue monday honetan.

Esango nuke ez naizela bakarra izango jabetu dena jaiegunik gabeko trabesiatxoa dagoela hurrengo atsedenaldi ofizialera arte. Ez al da tristea, antzara-jokoan bezala, zubitik zubira salto eginez bizi nahi izatea? Urteak igarotzea atzean utzi ditugun oporrak gogoratzen edo hurrengoetan pentsatzen? Badut sentsazioa sarriegi gabiltzala iraganaren eta etorkizunaren artean fikziozko zubiak eraikitzen, orainaren –egiazkoa den une bakarra– gainetik askorik zipriztindu gabe pasatu nahian edo.

Zein momentutan onartu edo normalizatu dugu gure egunerokotasunaren pastelaren zati handiena diren astegun edo lanegunak tristeak, grisak edo gogaikarriak izatea? Zazpi egunetik bi –zortedunenek– gozatu edo lasai bizitzeko prezioa bost egun estresagarri direla? Hilabete disfrutatzeko hamaika ordaindu behar direla? Zoriontasuna da urtean pare bat aste pasatzea ziurrenik berriz ere zapalduko ez dugun paradisuren batean?

Bizitzako egun gehienak ematen ditugu erlojuaren kontra. Astean zehar ia pentsaezina zaigu lasai gosaltzea edo etxetik atera aurretik tartetxo bat hartzea datorren eguraldiaz jabetzeko zeruari patxadaz begiratu eta airearen tenperatura sentitzeko. Guztiz natural eta zilegi behar lukeenetik, bizitzak benetan behar lukeenetik urrunegi gaudela iruditzen zait, eta egungo sistemak tarte gutxi uzten digula existentziaz era sinpleenean gozatzeko.

Bizitzeko lan egin behar da, bai, eta zaintza edo etxeko lanei ere erantzun behar zaie. Baina, nire ustez, gure testuinguru sozioekonomikoan, bizitzea denaren gure simulazio partikular honetan, helburu behar genuke gure egunerokotasuna –ez bakarrik oporraldiak– desiragarri izatea. Borrokatu beharko genuke lan eginagatik ere gustura bizitzeko, eta ez amore eman pixka bat gozatzeko gehiegi sakrifikatu behar dugun ideiaren aurrean.

Sorioneku egunerokotasuna, sorioneku bizitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak