Zebra izan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2022ko urr. 21a, 00:00

Zebrak lasai ibiltzen dira larrean inguruan lehoiak, hienak edo krokodiloak egonagatik. 

Soilik arriskuaren aurrean erreakzionatzen dute, unean bertan, harrapariaren erasoa gainean dutenean. Eta erasoa saihestu dutenean edo arriskua pasa denean, bazkatzen jarraitzen dute. Ezer gertatu ez balitz bezala segitzen dute beraienarekin. Ez dute gertatutakoan hausnartzen, ez dute gerta zitekeenean pentsatzen, ez eta berriro gertatu daitekeela-eta arduratzen. Ez dira inguratzen dituzten arrisku eta mehatxuen beldur, ez dira lehoi, hiena edo krokodiloengatik kezkatzen. Behar denean erreakzionatzen dute, eta kitto.

Hala irakurri nuen, behintzat, estoizismoari buruzko liburu batean. Zoriontsu edo/eta lasai bizitzea galarazten diguten pentsamenduei buruz idazten zuen egileak eta zioen jada gertatu denaz eta oraindik gertatu ez denaz gehiegi arduratzen garelako –hortaz, gehiegi pentsatzen dugulako– sufritzen dugula horrenbeste. Ardura, antsietatea eta beldurra sentitzen ditugula iraganean edo etorkizunean gehiegi hausnartzen dugulako. Hain zuzen ere, jada aldatu ezin dugunean eta oraindik gertatu ez denean, kontrolatu ezin dugunean. 

Egia esan, nik ere uste dut zebrak bezala egingo bagenu alferreko sufrimendu ugari saihestuko genukeela. Zenbat aldiz uzkurtu zaigu barrena jada pasa den zerbaiti bueltak ematearren? Zenbat aldiz sentitu dugu beldurra oraindik gertatu ere egin ez diren kalamidadeak irudikatzeagatik? Zenbat sufritzen dugu benetan gertatzen ari zaizkigun kontuengatik eta zenbat pentsatzen ditugunengatik? Googleri galdetzen badiozue, ikusiko duzue gure arduren %90 ez direla sekula gertatzen; alegia, gure sufrimenduaren %90 ekidin ahalko genukeela zebra izanda.

Beste behin, neurria hartzean omen dago gakoa: kontua ez da axolagabekerian erortzea ezer ezin dugula egin pentsatuta, ez eta alerta etengabean bizitzea, badaezpada ere. Trebatu beharko genuke zebra izatean; gertatzen ari diren arrisku errealen aurrean esku-hartzean eta onik pasa berri dugun ibaiko krokodiloak atzean uztean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak