Sare sozialen eta irudiaren erreinaldian, gutxi dira uneren bat soilik bizi edo paisaiaren bat sinpleki ikusiz gozatzearekin asetzen direnak. Bizi estiloaren pornografia zentsurarik gabe egiten dugun garaiotan, rara avis dira mendi esanguratsu bat igo eta gailurrean argazkirik ateratzen ez dutenak; munduaren bestaldera bidaiatu eta "toki horretan" egon direla dokumentatzen ez dutenak; ekitaldi gogoangarriren baten parte hartu eta konstantzia grafikoa uzten ez dutenak. Batzuek, agian, ez dute munduarekin partekatuko erakusleiho birtualen batean, baina uste dut oso gutxi izango direla une, leku edo ekintza horren argazkirik egingo ez dutenak. Are gehiago, udan; gehienon bizitza interesgarriago edo "erakusgarriago" bilakatzen denean.
Bi kontu ikusten ditut hor: batetik, zoriontsu egin gaituzten bizipenen betikotze saiakera eta, bestetik, egiten ari garena –edo une horretan sentitzen ari garena?– partekatzeko desira eta, kasu batzuetan, beharra.
Izan ere, oso tentagarria izaten da ilunabar hori, arnasa kendu digun ikuspegi ederra edo itsasertzean gozatutako garagardoaren irudi iraunkorra mugikorreko galerian gordetzea; edonon, edonoiz, gure irudimenean bada ere berriz gozatzeko. Tentagarria izaten den bezala hain zoriontsu edo gustura sentiarazi gaituen hori besteekin partekatu nahi izatea: "Begira zein leku ederrean nagoen" edo "ikusi zenbat disfrutatzen ari naizen" munduari esatea.
Izaera eta irudia inoiz baino gehiago galeriari begira eraikitzen ditugun garai hauetan, erretratatu ez duguna egin ez dugula dirudien aro honetan, ariketa osasuntsua iruditzen zait klik egin edo partekatu botoiari ematean gogoeta egitea: argazkirik atera ahal ez banio, bisitatuko nuke? Erakutsi ahal ez banu, berdin-berdin egingo nuke?