Baina, antza, euskararen ezagutza eta erabilera datuei erreparatuta, hala da. Eta ez diot nik, Iñaki Iurrebasok –Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea– bota zuen ekainaren 22an Bilbon antolaturiko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian.
Euskararen kale erabileraren azken neurketaren haritik antolatu ziren jardunaldiok eta Iurrebasoren ondorioak niri, behintzat, baikortasun printza bat ekarri zidan. Haren azterketak hainbat datu eta aldagai hartzen zituen kontuan, baina, gutxi gorabehera, honek eraman zuen baieztapen hori egitera:
Euskararen erabilera posible maximoa –euskaraz dakigunok gure inguruan euskaraz dakitenekin beti euskaraz egingo bagenu– %62,9koa da, azterketa soziolinguistikoaren arabera batez besteko euskaldun baten harreman sareko pertsonen kopuru hori delako euskalduna. Erabilera posible minimoa, berriz, %2,9koa omen –ez nuen ondo harrapatu datu hori nondik datorren, baina uste dut, hala ere, ulertzen dela–. Kontuan izanik euskaldun gehienok elebidunak garela –euskara-frantsesa, euskara-gaztelera– eta, normalean, hizkuntza batean bestean baino erosoago moldatzen garela, euskararen erabilera erosoa %28,9koa litzateke. Alegia, kopuru horrek hitz egingo luke erosoago euskaraz. Bada, euskararen erabilera aitortua gertuago dago erabilera maximotik erabilera erosotik baino, %52,5ekoa baita.
Iurrebasok berak erabilitako metafora parafraseatuz, pilotariek esku onarekin jokatzen dute, normalean, eta soilik behartuta daudenean ematen diote bestearekin. Bada, badirudi euskararen pilota partiduan jende dezente ari dela esku deserosoarekin bada ere partidua jokatzeko esfortzua egiten. Eta horrek esperantza pixka bat eman dit.