Fikzioa testuinguru historiko konkretu batean kokatzen da; hain justu ere, Antzinako munduaren eta XX. mendeko modernitate eta iraultzen arteko aldaketaren artean. Lehenengo denboraldietan, garaiko aristokraten bizimodu oparoa ageri zaigu: lursail handiz inguraturiko gaztelu eta jauregi handientsuak, familiaren erosotasunerako eta rol sozialen exekuzio egokirako 60 langiletik gorako plantilla behar dutenak; emakume gazteak gizartean aurkeztu eta ahalik eta estatus altueneko senarra bilatzera bideraturiko dantzaldi arranditsuak; ekitaldi sozial bakoitzerako propio eta neurrira egindako soineko dotoreak; ehiza txangoak... Finean, Ingalaterrako errege leinuko familien bizi estiloa, disfrutatzen dutenek jaiotzetiko eskubide kontsideratzen dutena.
Denboraldiek aurrera egin ahala, ordea, gertaera historiko desberdinen eragina jauregiko paretetan barrena sartzen hasten da. Lehen Mundu Gerra, 1918ko Espainiako gripearen pandemia, aurrerapen teknologikoen agerpena –argi elektrikoa, telefonoa, hozkailua...–, emakumeak gizartean zuen rolaren aldaketa, langile-klasearen agerpena eta aristokraziaren gainbehera... Bitartean, behin eta berriz errepikatzen den ideia bat da bizitza jada ezin dela gerraren aurrekoaren berdina izan, eta pertsonaien artean oso argia da lehengora lehenbailehen itzuli nahi dutenen eta saihestezina den paradigma aldaketara egokitu beharra ikusten dutenen arteko zatiketa.
Distantzia historikoak alde batera utzita, paralelismo argiak ikusten dizkiot bizitzen ari garen momentuarekiko. COVID-19aren pandemiarekin lehenengo eta Ukrainiako gerrarekin ondoren, geroz eta ageriago geratu da mundu mailan zerbait aldatzen ari dela, orain arte nahiko ondo bizi izan garenontzat, bederen: erregaien eta elikagai batzuen krisia eta etengabeko garestitzea, kontsumo azkarrak eragindako hondakinen sorrera kudea ezina, klima aldaketa, pandemia berriak… Ia-ia jaiotzetiko eskubidetzat genituen pribilegio batzuk, agian, albo batera utzi beharko ditugu, nahi edo ez, telesaileko familiak bezala.