Hibernazioa

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2022ko api. 29a, 00:00

Badaramatzat jada urte batzuk hilabetean behin inguru nire burutazioak lerro hauetara ekartzen eta konturatzen ari naiz geroz eta zailagoa egiten zaidala dagoeneko kontatu ez dudan zerbaiten inguruan hausnartzea. Are gehiago, jabetu naiz nire gogoetak ia-ia ziklikoak direla eta antzerako garaietan antzerako kontuak erabiltzen ditudala buruan.

Orain, adibidez, udako ordutegirako ordu aldaketaren biharamunetan, jada udaberria dela jakinarazten diguten iragarkiak botatzen hasi direnean, konturatu naiz egun argiago eta luzeago hauek oraindik ere hibernatzen harrapatu nautela, negua pixka bat gehiago luzatzeak ez lidakeela batere arduratuko. Eta horren inguruan idaztera nindoanean gogoratu naiz 2018an, apirilean orduan ere, aritu nintzela esaten ez nuela udaberria edo uda iristeko grina edo presa berezirik; garai honetatik aurrera ohikoagoa izaten den eguraldi ona aprobetxatzeko sentitzen dudan beharrak antsietate klimatologikoa eragiten didalako.

Agian, adinagatik izango da, edo egoera pertsonalengatik, baina nik, behintzat, behar izaten dut ganorazko negu bat erruduntasun sentsazio gabe hibernatzeko; argitasunak markatzen duen erritmo biziagoari jaramonik egin gabe gorputzak eta, batez ere, buruak eskatzen didaten urtaroko deskantsua hartzeko; hilabete batzuez bihotz taupadei ere mantsotzeko baimena emateko. Finean, denbora batez kanpokoaz ahaztu eta marmota edo hartzek egiten duten bezala (norbere) barruan goxo eta lasai egoteko.

Eguraldiarena koartada hutsa da, bai, badakit. Zeren norberaren esku egon beharko luke unean behar dugun erritmoa aukeratzeak, kanpoan euria ari duen edo eguzkia den kontuan hartu gabe sinpleki gorputzak eskatzen diguna egitea. Baina izan beharko litzatekeenari garrantzi gehiegi emateko zoritxarra dugunok sostengu berezia behar izaten dugu batzuetan norberak behar eta nahi duena egitea bezain gauza erraza dirudien hori egiteko.

Aste Santu osteraino luzatu dut negua mendi aldean eta ikusi dut marmotak ere badabiltzala jada gordelekuetatik kanpo… Nagiak ateratzen hasi beharko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak