Noski ezin dela gaztaro edo nerabezarotik helduarorako inflexio puntu hori zenbaki edo adin batera mugatu. Ikusi besterik ez dago adin edo belaunaldi bereko pertsonak zein fase desberdinetan egon daitezkeen: batzuk guraso lanetan, eta beste batzuk gazte eta errebelde izateari utzi ezinik, edo utzi nahi gabe.
Agian, nire nortasun agiriak markatzen duen eta nik sentitzen dudan adinaren arteko disonantzia propioagatik nabil azkenaldian honen inguruan gogoeta egiten. Baina sarri galdetzen diot neure buruari: nola baieztatu dezakegu helduak garela, heldu sentitzen garela?
Bizitza estiloarekin baino gehiago beste zerbaitekin lotuago dagoen susmoa dut. Erantzukizunak hartzeko eta kudeatzeko gaitasunarekin, norbere hanka-sartzeak onartu eta guztiaren errua gainontzekoei botatzeari uztearekin, eskatzetik ematera pasatzearekin, norbere apetak beti ezingo direla bete onartzearekin, frustrazio eta sakrifizioekin, norbere buruaren eta ingurukoen beharren artean malabarak egitearekin... eta, batez ere, gure barruan izan dezakegun haur zauritu edo haserretuarekin bakeak egitearekin.
Entzun berri dut haurtzaroan edo gaztaroko lehen urteetan gertatutako zerbaitek zauri bat uzten badigu edo markatu bagaitu, hari begira, iraganera begira eman ahal ditzakegula ondorengo urteak. Mentalki aro horretan ataskatuta gelditzen garela, fasez aldatu ezinik. Eta ez zait batere zentzugabea iruditu. Uste dut heldu egiten garela iraganeko zauriak miazteari uzten diogunean, eta etorkizunari orainean garenetik, eta ez lehen izan ginenetik, begiratzera ausartzen garenean.