Beste pertsona batzuen kasuan argi ikusten dut –badakizue, urrutiko intxaurrak hamalau...–. Gizon eta emakume askok aro eta arlo desberdinetan historiari eta jendarteari ekarpen iraultzaile edota oso esanguratsuak egin dizkiete; nire ustez, beraien existentzia justifikatzeko nahikoa eta sobera izango liratekeenak –beste gauza bat da beraiei beraien bizitzaren zentzuaz galdetuta zer erantzungo luketen–. Edo bada jendea bokazio argikoa; bere bizitza zertan pasatu nahi duen gaztetatik argi duena eta egiten duen horrek bere bizitzari zentzua ematen diola dioena. Inbidia ematen didate biek ala biek. Hala ere, historian zehar, jendartearen gehiengoa mundu honetatik lorratz handirik utzi gabe pasa dela esango nuke –gertuko ingurune eta pertsonengan dugun eragina kontuan izan gabe–, eta, beraz, nire barne bakarrizketan ondorioztatzen dut ez dela zuzena pentsatzea bizitzearen zentzua gizateriari ekarpen handiak egitearekin zuzenean lotuta dagoenik.
Auzi hau ez da berria. Historian zehar korronte filosofiko eta erlijioso desberdinek egin izan dituzte beraien proposamenak gizon eta emakumeoi nola bizi gaitezkeen iradokitzeko –eta, kasu batzuetan, inposatzeko–. Kuxkuxeatu izan ditut horietako batzuk, baina susmoa dut gai honetan (ere) erantzuna nire barruan bilatu beharko dudala...
Berez jaiotzen zaidana egitea izango da gakoa? Gainontzekoek pentsatuko dutena kontuan hartu gabe? Buelta handirik eman gabe? Zoriontsu egiten nauten ekintza ahalik eta gehien egiteak beteko nau? Ondo sentiarazten nauten pertsonez inguratzeak?
Bizitzen ikasi bitartean bizitzen jarraitu beharko.