Harrapatuta

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2021ko abe. 23a, 00:00

Harrapatuta gauzkate. Bizitzeko benetan esentziala eta beharrezkoa duguna desitxuratu digute. Burujabe egin izan gaituzten ezagutza eta praktiketatik gabetu gaituzte. Materialismoan eta kontsumoan oinarrituriko bizi estiloaren distirarekin itsutu. Pentsamendu kritiko autonomoa garatzea ahalbidetu beharrean, mezu ofizialekin lerratzeko entrenatu gaituzte; tarteka, shockak aplikatuz, ahots disidenteak gizalegearen kontrakotzat joz, alde edo kontra binomio sinplistarekin iritzien arteko gerra zibilak sortuz.

Distraitu gaituzte, engainatu, manipulatu. Eta funtzionatu du. Zeren denok erabaki dugu akatsarekin aurrera jarraitzea eta horrelako egoera batean beste edonork egingo lukeena egitea (Anari). Orokorrean gehienok nahi dugulako korrontearen alde igeri egin, artaldetik gehiegi ez desberdindu, irabazleen taldekoak izan. Irabazle, pertsonon artean eta pertsonon bizkar jokatzen den lehia bizi horretan, gizarte deitzen den norgehiagoka horretan.

Joko arauak onartzeko programatu gaituzte. Behin bakarrik biziko garenez gure eginbeharra ahalik eta gehien disfrutatzea dela hezur-muineraino sartuta, guk ere jolastu nahi dugulako salba dadila ahal duena edo gozatu dezala ahal duenak horretan. Eta irentsi dugu aske garela joko horretan zein kamisetarekin jokatu nahi dugun aukeratzeko baimena eman digutelako.

Ezker-eskuin duenari begiratu ezinik -edo nahi izan gabe– azenarioari begira aurrera doan astoa. Nola azaltzen da, bestela, gertatzen ari diren astakeriekiko akziorik eza?

Nola lehen eskubide ziren eta orain pribilegio bilakatzen ari diren baldintzei edozein preziotan eusteko grina?

Ez da deskubrimendua gutxiengo bat araudia sortzen –baina ez obeditzen– ari den bitartean, gehiengoak inongo maniobra marjinarik ez izateko makineria aspalditik martxan dagoela. Baina boteredun edo dirudunak nahi dutena erabakitzen eta egiten ari direla inoiz baino begi-bistakoa izaten ari den garai hauetan – osasungintzan, justizian, ogasunean, azpiegituren inguruko erabakietan…– iruzurra inoiz baino ageriagoan gelditzen ari dela iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak