Hedabideetara edo sare sozialetara jo eta…: emakume erailak, talde bortxaketak, bullying kasu bortitzak, itotako migratzaileak, mugetan abandonatutako errefuxiatuak, lan-istripuak, langileak kaleratu eta itxi nahi dituzten enpresak, kartzelatuko ez dituzten hiltzaile, bortxatzaile eta lapurrak, duintasuna edo/eta poltsikoak urratzen dituzten etxebizitzak, makroazpiegituretan xahututako milioiak, larrialdi klimatikoa, deforestazioa, itsasoaren sakoneraino iritsitako mikroplastikoak, itzalaldi handia, hornidura falta, elektrizitatearen eta erregaien prezioen etengabeko igoera… Ziztu bizian paretaren kontra goazela iruditzen zait; hanka azeleragailutik kentzeko asmorik gabe, gainera.
Garaiz al gabiltza gure ondorengoei guk ezagututako munduaren antzerako zerbait uzteko? Beldurra, nazka edo lotsa emango ez duen jendartea berreraikitzeko?
Badut inguruan jende optimista. Optimista edo, bueno, gizarte, ekonomia eta kontsumo mailan behar diren aldaketak gertatuko direla sinesten duena –balio sozial eta zibikoen berreskuratzea, desazkundea, interes kolektiboa indibidualismoari gailentzea…–. Nik ere sinetsi nahiko nuke hori, baina, agian, ezkorra naiz baikorra izateak dakarrelako onartzea ezagutzen dugun bizimoduak ez duela etorkizunik; ez, behintzat, etorkizun iraunkorrik.