Eta zu, nola ohartu zinen asteleheneko Whatsapp, Instagram, Facebook eta beste sare sozial batzuen erorketaz? Zenbateraino eragin zizun?
Gertaera haren biharamunean irakurri dut ikerketa baten arabera millennial-ak –teorian, 1981 eta 1996 bitartean jaiotakoak– "belaunaldi mutu" berria direla, telefonoz hitz egiteak antsietatea eragiten dielako. Millennial-ak eta horien ondorengoak diren Z belaunaldia, antza, email, txat edo foro bitartez komunikatzera ohitu dira; plataforma asinkronoak nahiago dituzte, ez dutelako interlokutorearekin denbora berean topo egiten eta esan behar dutena nahi adina aldiz pentsatu, ezabatu, idatzi eta berridatzi dezaketelako. Bideo-deiek ere antsietatea eragiten omen diete, beste pertsonaren aurrean filtro gabe agertzea eskatzen dielako.
Esango nuke gutariko askok gustatuko litzaigukeena baino gehiago erabiltzen ditugula sare sozialak; dibertitzeko, informatzeko, testuinguru jakin batzuetan geure buruaren irudi kalkulatu bat proiektatzeko... Hala ere, asteleheneko jazoeraren eraginez, pixka bat aspertzeaz harago, norbaitek bere lana –influencer dontsuen kasuan, adibidez– edo existentzia kolokan ikustea, kobertura izanda telefonoa hartu eta dei bat egiteko gai ez izatea...
Agian, zaharkiturik gelditzen ari naizen beste seinale bat da, baina ez nuke nahi gizarte honetako ezein belaunaldiri mundu eta harreman errealak aurrez aurre bizitzen ahaztea. Hori bai litzatekeela berrabiarazi ezinezko erorketa.