Batzuentzat oporrak urruneko leku berriak ezagutzeko aukera izango dira. Lantokitik aireportura –edo tren geltokira, autobusera, kotxera, furgonetara…– salto egitea eta aireportutik lantokira zuzenean itzultzea gustuko izango dute, minutu bat bera ere ez galtzeko. Oporrak esperientzia, leku, pertsona eta janari berriak deskubritzeko garaia izango dira horientzat, abentura bat, irakurri gabeko liburu bat, errutina hausteko bide bat.
Beste batzuentzat, agian, egunerokoa ez den beste leku batean lagun artean parranda egiteko unea izango da. Txoko desberdin bat egunez baino gauez gehiago bizitzeko parada, betiko jendearekin dibertituz jende berria ere ezagutzeko aukera.
Egongo da egun horietan gertuko tokiez beste erritmo batean gozatzea gustuko duenik ere, ordutegi eta erantzukizun malguagoak izatea probestuz betiko lekuak modu desberdinean bizitzeko aprobetxatzen duenik. Deskantsatuz, mantsoago biziz.
Eta ziur nago, ni bezala, badela oporrak bigarren etxe –sinboliko edo ez– horretara etengabe itzultzeko aprobetxatzen dituenik ere. Aste edo egun batzuez beste nonbaiteko bertako sentitzea gogoko duenik, urte askotan zehar leku bat bisitatu eta bizitzeak ematen duen errotze goxoak harrapatu duenik. Beti –edo ahal den guztietan, behintzat– toki berera itzuliagatik aspertzen ez denik, aldi bakoitzean toki desberdin batekin topo egiten duelako, edo aldi bakoitzean pertsona ezberdin bat delako. Leku hori zenbat eta gehiago ezagutu, ezagutzeko oraindik ere zenbat dagoen jabetzen delako. Azaleran guztia ikusia izanagatik, sakonean ere esploratu nahi duelako.
Disfrutatuko ahal genituen bakoitzak gure eran!