Ezagun ezezagunak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2021ko mai. 28a, 00:00

2017an idatzi nuen hemen ezagun ezezagun-en inguruan. Bistaz bakarrik ezagutzen ditugun horiez, herrian ez baina oporretan edo atzerrian topatuz gero agurtzen ditugun horiez. Horri buruz nioen aurreiritzien eta etiketen arabera egiten diegula nortasun profila, beraien izena ezagutzen dugula baina ez beraien istorioa, eta sarri harritzen gaituela benetan ezagutu ondoren deskubritzen dugunak. Aipatzen nuen, baita ere, norberaren buruaren ezagutza mailak eragiten duela gainontzekoek gutaz duten pertzepzioan: guk geure burua guztiz ezagutzen eta askatzen ez badugu, zaila izango dela besteek ere gu benetan ezagutzea.

Sarri hitz egin dut lerro hauetan, nire ustez, gugan habitatzen duen pertsonaiaz. Egoaz edo bizitzan mugitzeko sortu dugun karetaz. Bada, geroz eta konbentzituago nago berau ahalik eta ongien ezagutu eta indargabetzeko beharraz, norbere buruarekin eta gainontzekoekin era egiazkoagoan harremandu ahal izateko. Izan ere, pertsonaia hori da izaera baten edo beste baten itzalpean gainontzekoengandik desberdintzen saiatzen dena, aurreiritzietan gotortzen dena, epaiketa eta konparaketekin berresten dena. Bizirauteko desberdin eta bakar izaten tematzen dena.

Gure izatearen dimentsio horretatik jarduten dugunean, besteengandik desberdin sentitzen gara, eta errealitatea gugandik kanpo eta banatuta dagoen zerbait bezala hautematen dugu. Gainontzekoak eta mundua gure pertsonaia horren aurka daudela ere sentitu dezakegu. Baina darabilgun mozorroaz jabetu eta parez pare begiratzen diogunean, bere argi-ilunak ezagutzen ditugunean, jabetzen gara hori baino gehiago garela, gure benetako izatea sakonago dagoela. Eta dimentsio horretatik jarduten dugunean, gure benetako esentzia askatzen dugunean, konturatzen gara pertsonok uste baino berdinagoak garela, eta antzerako bulkadek mugitzen gaituztela.

Anderson jauna Neo dela jabetzen denean bakarrik ateratzen da Matrixetik, iruzurrezko existentziatik. Pertsonaiaz jabetzen denean hasten da egiazko izaten eta pertsonaia kontrolatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak