Translanguaging deritzo bi hizkuntza edo gehiago era naturalean eta bat balira bezala erabiltzearen praktika linguistikoari, pertsona elebidun edo eleaniztun batek bere hizkuntza errepertorioko hizkuntza guztiak aldi berean eta era naturalean erabiltzeari. Amaitzen ari naizen Lehen Hezkuntzako graduan egin nuen topo lehen aldiz kontzeptu horrekin, sona hartzen ari baita bigarren edo hirugarren hizkuntza baten ikaste-irakaste prozesurako estrategia bezala, eta orduan ere nire lehen erreakzioa aurkakoa izan zen: "Nola nahastuko dugu euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat berau jaten ari diren gaztelera edo ingelesa bezalako hizkuntza zapaltzaileekin? Are gehiago kaltetzeko?". Agian, oker nengoen.
Nik neuk, euskara maite eta bizi duen euskal hiztun bezala, asko sufritzen dut irakurtzen dudan bakoitzean geroz eta euskara gutxiago erabiltzen dela, gazteen –gazteon?– artean hizkuntzarekiko jarrera ez dela oso beroa edo hizkuntzaren ezagutza maila edo kalitatea geroz eta pobreagoa dela. Badirudi, nire barruan, pasa den mendean eta globalizazioari bizkarra emanda bizi den hiztun elebakar bat bizi dela nonbait; euskara inguruko hizkuntzek eragindako alterazioetatik salbu mantendu nahi duena. Baina zintzotasun ariketa batean nire ahozko erregistro propioari erreparatzen badiot, gertuago nago Chill Mafiatik Andoni Aizpurutik baino. Eta uste dut tendentzia orokorra dela.
I mean, testuinguru ez-formaletan, gutariko nork hasi eta bukatzen du elkarrizketa bat en plan gaztelerara jo gabe? Si denbora guztian ari gara konturatu gabe nahasten. Eta ez bakarrik euskara eta gaztelera; gure mood-a islatzen duten selfie eta stories-ak zein hizkuntzatako hashtag-ekin ilustratzen ditugu?
Errealitate hori hemen dago. Nola kudeatu pentsatzen hasteko garaia da.