Estrukturak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2021ko mar. 12a, 14:00

Asteburu honetan egingo du urtebete despistatuta bizitzen hasi nintzenetik. Hamabi hilabete COVID-19aren pandemia zela-eta alarma egoera ezarri eta gure bizitzen gainean –askatasun, mugikortasun eta betebehar jakin batzuei zegokienez, behintzat– erabakitzen hasi zirenetik. Ordura arteko gure bizimodua eta egunerokotasuna estrukturalki aldatu zizkigutenetik. Kristoren heriotzarekin gertatu bezala, K.a. eta K.o.: koronabirusaren aurretik eta koronabirusaren ondoren.

Ordutik, arrotz sentitzen dut egunerokotasuna. Koronabirusaren aurretik, zein egun eta ordu zen jakinda bakarrik, aurreikusi nezakeen nire inguruan gertatzen ari zena. Asteartea, arratsaldeko 18:00ak: <kanposantu inguruan jada ezin da aparkatu, mundu guztia kiroldegira kotxez joan delako>; osteguna, arratsaldeko 19:30ak: <nire kuadrillakoak Etxagi tabernako terrazan egongo dira>; neguko ostiraleko arratsaldeko 17:00ak: <furgoneta horrek karabana harrapatuko du Yesan>; Erramu Zapatuko iluntzeko 20:00ak: <txaranga laster joango da Kartzela Zaharrera>; udako igande eguzkitsuko goizeko 11:00k: <jada Mutrikun ezingo da aparkatu>; azaroko larunbat gaua: <gaur kristoren parranda egongo da, hamabost kintada daudelako>... Aurreikusi nezakeen gertatuko zena, ezagutzen nuen estruktura.

Duela urtebete, baina, egun batetik bestera errotik aldatu zen hori. Koronabirusaren ondoren, guztia aldatu da. Itxialdi zurrunenaren fasea eta shock-a pasata berriz kalera atera ahal izan garenean, betiko jendea ez dago jada betiko leku eta orduetan betiko bera egiten. Ezin delako. Lekuak aldatu dira, mugak aldatu dira, ordutegiak aldatu dira, eta jendea eta errutinak aldatu dira. Jada kiroldegiak ez du baldintzatzen aparkalekua, jendeak joateari utzi diolako; lehen poteo ordua zenean orain ez dakit lagunek aulki-jokoan non amaituko zuten esertzen; astebururoko Pirinioetarako joan-etorriek zientzia fikzioa dirudite; parranda… zer zen hori? Eta Mutrikura joateko, eguraldia baino gehiago, semaforoa kontsultatu behar.

Zutabe honetan urtebete honetan hainbat aldiz idatzi dudan bezala, pandemia honen eta beronen kudeaketa motaren eraginez uste dut gauza asko aldatu direla jendarte eta pertsona mailan, baita orain arte gure bizimodu eta egunerokotasuna estrukturatzen zuten errutinak ere. Berriak sortuko dira? Edo koronabirusaren aurreko normalitatearekin amestuko dugu nostalgia egora eternal batean?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak